Ikusmin handia Benito Lertxundiren kontzerturako

Sarreren erdia pasa dagoeneko saldu du Orkatz Kultur Elkarteak

Larunbatean izango da emanaldia, Izarraitz Pilotalekuan, 22:30etik

Ikusmin handia ari da sortzen Benito Lertxundik larunbat honetan (hilak 27) Azpeitian emango duen kontzertua, dagoeneko sarreren erdia pasa saldu dutelako (700 inguru). Orkatz Kultur Elkarteak antolatu du emanaldia, eta mila sarrera atera ditu salgai.

Salgai daude Orkatzen, Zuhatzen, Ametsan, Izaron eta Igerilekuan, eta antolatzaileek ostiral honetan erretiratuko dituzte leku horietatik. Izarraitz Pilotalekuan izango da kontzertua (22:30etik), eta larunbatean hantxe erosi ahal izango da sarrera. Hamabost euro balio du aurrez erosita; bertan, hemezortzi.

Lertxundik orain dela gutxi atera du azken diskoa, Itsas ulu zolia izenekoa.

Duela bi urte ere jo zuen Azpeitian, orduan ere Orkatzek antolatuta, eta leporaino bete zen Izarraitz.

Orduan bezala, Orkatz Kultur Elkartearen aldeko kontzertua izango da. Izan ere, elkarte hori 2002tik mehatxupean du Espainiako Justiziak. "ETAren egiturako parte izatea” leporatuta, kontuak blokatuta ditu, “enbargu prebentiboan” dago, hiru hilero Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari kontuak aurkezten dizkio... "Mugimendu independentista" bukatu nahi dutela salatu du.

Horrek denak "gastu handiak" ekarri dizkio Orkatz Kultur Elkarteari. Gainera, 2002tik “segurantzirik eza” ere izan dute inbertsioak egiteko, egoitzan berritze lanak egiteko... Babesa eskatu dute eta laguntza ekonomikoa behar dutela diote.

Elkartea 1993ko ekainean ireki zuten, Erdi kalean. Taberna funtzioa ez ezik, kultur funtzioa ere betetzen du: antzerkiak, bertso saioak, kontzertuak, ipuin kontaketak, erakusketak... antolatu izan ditu.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide