Inazio Uriaren aldeko meza egingo dute igandean, Loiolako basilikan

Berria 2008ko abe. 19a, 11:12

Egindakoaz "hausnartzeko" eta indarkeria amaitzeko eskatu diote ETAri Uriaren sei arrebek

"Herri honek bizitza behar du, bizitza asko", diote Uriatarrek

Igandean, 12:00etan, Loiolako basilikan egingo den meza abenduaren 3an ETAk hildako Inazio Uriari eskainia izango da, haren familiak jakinarazi duenez. Loiolako jesulagunek antolatu dute elizkizuna, eta senideek aukera hori baliatu nahi dute hileta egunean Azpeitiko parrokiara sartu ezin izan ziren herritar guztiekin biltzeko.

Igandeko elizkizunak esanahi berezia eta hunkigarria izango du, Inazio Uria Loiolako basilikara maiz joaten baitzen. Bere familiakoek diotenez, oso pertsona elizkoia zen eta bertako abesbatzan abesteko ohitura zuen.

Uria hil zutela bi aste igaro dira dagoeneko. ETAk hil zuen tokian eginiko lore eskaintzak errepikatu izan dira asteazkenero. Herenegun egindako elkarretaratzearen harira, Inazio Uriaren arrebek gutun bat bidali diote Gipuzkoako egunkari bati, herritarrengandik jaso duten babesa eskertzeko.

Halaber, ETAren azken ekintza "basatia" gaitzetsi eta erakunde armatua amaitzeko eskatu dute. Egindakoaz "hausnar" dezan eskatu diote ETAri eta hildako gehiago ez eragiteko. "Herri honek bizitza behar du, bizitza asko", diote gutunean. Uria hil eta bi egunetara Azpeitian eginiko manifestazio jendetsua eta bertako leloa —ETA kanpora— gogoan dutela nabarmendu dute senideek.