AHT Gelditu! Elkarlana "aldendu" egin da Inazio Uriaren hilketatik

Berria.info 2008ko abe. 17a, 19:12

Abiadura Handiko Trenaren aurkako "mugimendu sozialak" gaur azaldu du orain arteko "borroka moldeekin" segituko duela, "bide baketsuak erabiliz"

ETAk oraindik ez du bere gain hartu Altuna y Uria enpresako arduradunaren hilketa

AHT Gelditu! Elkarlanak gaur (asteazkena) arratsaldean komunikabideen aurrean egindako agerraldian adierazi du "aldendu" egiten dela Inazio Uria Altuna y Uria enpresako arduradunaren hilketatik. Abenduaren 3an ETAk hil zuen Uria, Azpeitian, tiroz. Aipatutako enpresa da Abiadura Handiko Trena egiten dabilen bat, eta ETAk horregatik hil duen espekulatu izan da. Erakunde armatuak ez du bere gain hartu oraindik hilketa.

Atentatua "ezusteko jauzia" izan dela deritzo plataformak, eta "gogoeta sakona" egin duela. "Mugimendu sozial" gisa definitu da gaur AHT Gelditu! Elkarlana, eta orain arteko "borroka moldeekin" segituko duela, "bide baketsuak erabiliz eta parte-hartze sozial handiena bilatuz". Plataforma duela zazpi urte sortu zutela gogoratu dute, eta "harrezkero gehiengo soziala eta sindikala" lortu izan dutela. Mila Elortzak eta Josu Gilek eman dute prentsaurrekoa.

Hainbat komunikabidek eta alderdi politikok atentatuaz geroztik eurekin izandako jarrera salatu dute, "kriminalizatu" egin dituztelakoan.

Abenduaren 5ean Mikel Alvarez, Iñaki Barcena, Joxe Iriarte Bikila, Rosa Lago eta Iñaki Antigüedad AHT Gelditu! Elkarlaneko kideek "gaitzetsi" egin zuten ETAk Uria hil izana. Plataformak gaur adierazi du guneko kideek "hausnarketa propioak" egiteko eskubidea dutela.

"ETAk auzi honetan esku-hartzea gaitzesten dugu", zioten hil hasiera bost kide haiek. "AHTren aurkako mugimenduaren oinarriak mobilizazioa, erresistentzia eta desobedientzia zibila direla nabarmentzen dugu. Zinez uste dugu AHT geraraztea eta eztabaida sustatzea gizarte mugimendutik sortzeko gai izango garen dinamika herrikoiak eragingo duela, eta ez erakunde armatu batek hartu duen ustezko berme rolak". Ondorioz, ETAri "gatazka ekologiko eta sozial honetan" ez parte hartzeko eskatu zioten.