Abiatutako proiektuak indartu nahi ditu Lagun Onak mendi taldeak 2009an

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 17a, 11:12

Webgunea sustatzea eta bazkide berriak lortzea dira mendi bazkunak 2009rako dituen helburu nagusiak

Urteko ekimenen errepasoa eta balorazioa egin dute eta "urte ona" izan dela adierazi dute

Joan den larunbatean egindako batzar nagusian, Lagun Onak Mendi Bazkunak urteko ekimenen errepasoa eta balorazioa egin zuen eta, orokorrean, "urte ona" izan dela adierazi dute. Helduen zein gaztetxoen ibilaldiak, mendi lasterketa, mendi asteak eta argazki rallya "oso arrakastatsuak" izan zirela esan dute. Hori dela eta, 2009an ekimen horiek berriz ere egingo dituztela aurreratu dute.

Datorren urterako egutegia jada finkatuta dute eta aurtengo parte-hartzea mantentzea ez ezik, handitzea ere nahi dute elkartekoek, baita bazkide berriak topatzea ere. Ibilaldiez gain, ekainaren 14rako Helduen XIX. Ibilaldi Neurtua antolatuko dute.

Webgunea indartzen

Lagun Onak Mendi Bazkunakoak euren webgunea indartzen ari dira, mendizaleei ahalik eta informazio zabalena eta zerbitzu hoberena eskaintzeko asmoz. www.lagunonakmb.org webgunean ibilaldietako argazkiak ikusgai egongo dira hemendik aurrera. Gainera, ibilbideetako track edo profila ere ikus daiteke, eta GPSra jaisteko aukera ere dago.

Orain arte bezala, ibilaldiei eta ekimenei buruzko informazio zehatzagoa ere agertuko da bertan, ekitaldiaren eguna baino hamar bat egun lehenago.

Xoxoteko aterpeak 25 urte

Hogeita bost urte beteko ditu datorren urtean Xoxoteko aterpeak. Gaur egun, "inoiz baino jende gehiago" dabilela diote Lagun Onak elkartekoek. Asteburuetan, mendizale ugari ibiltzen da bertan, eta ikasleen astegunetako egonaldiek ez dute etenik udaberritik udazkenera. Dinamika horrek, aterpea egokitzeko zenbait lan egiteko beharra sortu du. Datorren urterako erronketako bat, aterpearen azpiegiturak eta zerbitzua hobetzea.

Bazkide berriak topatzen

2009ko helburuetako bat izango da bazkide berriak aurkitzea. Bazkideek mendizaletasunaren inguruko edozein ekitaldi antolatzeko aukera izango dute. "Herriari irekita dagoen elkarte bat da hau, borondatezko lanean oinarritua. horretan sinesten dugu sortu eta 62 urte geroago".

2008ari gainbegiratua

Lagun Onak elkartekoek esan dutenez aurten beste urteetan baino ibilaldi gehiago izan dituzte eta, gainera, aurreikusitako ibilaldi guztiak egin dituzte.

Helduen ibilaldiek "orokorrean erantzun ona" izan dute:jende asko bildu da eta lagun berriak ere inguratu dira. Bi ibilaldi azpimarratu dituzte izandako arrakastagatik: alde batetik, apirilean Pirinioetara elurretara egindako ibilaldia, izena emandako 20 lagunak igo baitziren Garmo Negro (3.051m) mendira. Bestalde, maiatzeko zubian Gorlizetik Azpeitira egindako lau eguneko ibilaldia azpimarratu dute, "oso arrakastatsua izan baitzen".

Gaztetxoen ibilaldiak "azken urteetako jendetsuenak" izan direla adierazi dute elkartekoek, eta "dirudienez, gorantza doa haurren parte-hartzea". Helduen ibilaldietatik bereiztuz, haurrei "kultur arloko interesa duten gauzak erakusten" saiatzen dira. Horregatik, bereziki azpimarratu nahi izan dituzte Arrikrutz kobazulora egindako ibilaldia eta Zugastietako abentura parkera eginiko irteera.

Bestalde, 2009an aldatu egingo da ibilaldiak sailkatzeko irizpidea eta zailtasunaren arabera sailkatuko dituzte.

Ibilaldi errazak gaztetxoentzat prestatuko dituzte batez ere, baina, edonork izango du parte hartzeko aukera, helduentzako ere ibilbide politak izan baitaitezke.

Zailtasun ertaineko ibilaldiak, helduentzat izango dira batez ere, baina, gaztetxoek egin ditzaketenak ere badaudenez, zailtasun handiagoko ibilaldiak egitera ere animatuko dituzte gaztetxoak.

Zailtasun handiagoa duten ibilaldiak egin ahal izateko, beharrezkoa izango da federatuta egotea.

Izarraizko Mendi Lasterketa

Izarraizko IV. Mendi Lasterketaren ardura Lagun Onak MBk hartu zuen aurten lehenbizio aldiz. Gipuzkoako lasterketen artean, Euskal Herriko Koparako puntuagarria zen lasterketa bakarra izan zen eta "oso arrakastatsua" izan zela diote: "Jende askok hartu zuen parte eta giro ederra sortu zen herrian".

Jendearen eta zenbait enpresen aldetik jasotako laguntza eskertu dute mendi elkartekoek. Hemendik bi urtera antolatuko dute berriz Izarraizko Mendi Lasterketa.

Mendi asteak eta rallya

Aipatutakoez gain, badira Lagun Onak MBk antolatzen dituen beste bi ekitaldi garrantzitsu ere: mendi asteak (maiatzean eta abenduan) eta argazki rallya.

Atzo hasi zen aurtengo bigarren mendi astea. Gaur, Gorka Beobide azpeitiarrak Zero azpitik dokumentala aurkeztuko du, 20:30ean, Enparan dorretxean. Bihar, Antxon Iturriza *Historia del montañismo vasco 2ª parte: del pirineo al Everest* dokumentalari buruz hizketan ariko da, ordu eta toki berean.

Bestalde azaroko lehen igandean argazki rallya antolatzen dute Azpeitiko argazki taldearekin batera. Aurten, XIII. Rallya izan da, eta "oso eguraldi txarra" egin zuen arren, 60 partaide inguru bildu zirela esan dute arduradunek, 10 haur eta 50 heldu.

2009ko ibilaldiak

Hiru multzotan sailkatu dituzte ibilaldiak, zailasunaren arabera:

Ibilaldi errazak (batez ere gaztetxoentzat)

Urtarrilak 18. Beizama.

Martxoak 8. Ibilaldi neurtua Azkoitian.

Martxoak 15. Arauntza.

Apirilak 5. Adarra.

Apirilak 19. Santa Engrazi.

Maiatzak 24. Txalintxo.

Maiatzak 31. Xoxoteko eguna.

Ekainak 7. Urederra.

Uztailak 4-5. Xoxotera gaua pasatzera.

Irailak 27. Ernio.

Urriak 25. Arditurri.

Azaroak 22. Mirandaola.

Zailtasun ertaineko ibilaldiak (batez ere helduentzat)

Urtarrilak 1. Erlo.

Urtarrilak 25. Izazpi.

Otsaila 15. Itziar.

Martxoak 7. Mendi irteera. Sagardotegia.

Martxoak 28. Ganboa.

Apirilak 25. Ibañeta - Sorogain - Urepel.

Ekainak 27. Bihotzari - Arangoiti - Irunberri. Leireko mendikatea.

Irailak 19. Arrueta - Eskillar - Kanpotorreta . Pagasate - Arrueta.

Urriak 17. Mendi irteera. Upategia.

Azaroak 7. Zornotza - Urkiola.

Abenduak 31. Aizkorri.

Zailtasun handiagoko ibilaldiak (federatuentzat soilik)

Maiatzak 1-3. Isaba

Uztailak 4-5. Monte Perdido

Uztailak 18-19. Picos de Europa.