Espainiako Kongresuak atzera bota du ANV udal gobernuetatik berehala bidaltzeko mozioa

Berria, uztarria.com 2008ko abe. 17a, 11:12

Bertan behera geratu da UPDren proposamena, PSOE, EAJ, CiU eta ERC-IU-ICVren kontrako botoekin

Ezker abertzalearen aurkako zentsura mozioak eta “kasuan kasuko desegiteak” lehenetsi ditu PSOEk

Azkeneko albistea (azaroak 17, 12:40). Espainiako Senatua ere kontra azaldu da; 'El Pais'-en editoriala

Helburu bera dute, baina metodologian ez datoz bat. Ezker abertzalea udal gobernuetatik kanporatzeko moduaz negoziatzen aritu ziren atzo (asteartea) PSOE, PP eta UPD alderdiak, Rosa Diezen UPD alderdiak Espainiako Kongresuan aurkeztutako mozio bat dela medio. Proposamen horren inguruan PPren “xehetasunak” onartu zituen Diezek; PSOErenak, berriz, ez. Azkenik, proposamenak ez zuen lortu Kongresuaren gehiengoaren babesik.

Iazko ekainetik Iñaki Errazkin ezker abertzaleko taldeko ordezkaria da Azpeitiko alkatea (EAE-ANVtik aurkeztu zen). ETAk abenduaren 3an Loiolan Inazio Uria hil ondotik, Errazkinen kontrako zentsura mozioa sartu nahi dute EAJk eta EAk. "EAJren botere goseak ez du mugarik", salatu du Azpeitiko ezker abertzaleak.

Kongresuaren araudiari jarraituz, aurkeztutako mozioa eztabaidatu zuten bakarrik, azken ordura arte, PSOE beste bi alderdiekin proposamen bateratu bat adosten ahalegindu bazen ere. Sozialisten proposamena ez zen UPDren gustukoa izan, ordea.

Ezker abertzaleak gobernatzen dituen “udal guztiak desegiteko” zuzenbide estatuaren “tresna guztiak” erabiltzeko eskaera egin zion UPDk Espainiako Gobernuari. Zehazkiago, Tokiko Udal Gobernuak arautze dituen legearen 61. artikulua aplikatzea eskatu zion Zapaterori, “modu zorrotz” batean eta “itzulingururik gabe”. PPk bat egin zuen ikuspuntu horrekin, eta udalen desegitea “berehala” aplikatzeko eskatu zuen. Halaber, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko Espainiako Gobernuak udalei emango dien “laguntza dirutik” ezker abertzalearen udalei dagokien zatia kentzeko eskatu zion Gobernuari PPk.

Diezek PPren zuzenketa onartu zuen; PSOEk eta ERC-IU-ICV taldeek aurkeztutako helegiteak, berriz, ez. Lau alderdi horiek, EAJ eta CIUk Diezen mozioaren aurka bozkatu zuten, eta proposamena bertan behera gelditu zen.

Egun guztian saiatu zen alderdi sozialista PPrekin bereziki akordio bat erdiesten, Diezek onartuko lukeen helegite bat proposatzeko asmoz. Ez zuten halakorik lortu, eta gero Kongresuan eginiko eztabaidan errua bestearena zela iradokitzera mugatu ziren bi alderdietako ordezkariak. Biek ala biek “terrorismoaren aurkako borrokan” adostasuna beharrezkoa dela aldarrikatu zuten, biek ala biek “asmo alderdikoiak” eta bozak lortu nahia leporatu zioten batak besteari.

Ezker abertzalea udal gobernuetatik kanporatzeko orduan zentsura mozioen bidea lehenesten du alderdi sozialistak. “Kasuan kasuko desegiteak” aurreikusten ditu ere, baina beti ere “segurtasun juridiko” batekin egiten badira. “Zuzenbide estatua errespetatuz desegingo dira udalak”, esan zuen Antonio Hernandez eledunak.

Emilio Olabarria EAJ eledunaren arabera, zentsura mozioa da “prozedura bakarra” ezker abertzalea udaletatik kanporatzeko; UPDk eta PPk proposatutako aukerak “legez kanpokoak” direla esan zuen.

Atzoko eztabaidaren errepikapena ikusi ahal izango da gaur, Senatuan, gai horren inguruan legez besteko proposamena aurkeztu baitu Federico Trillo PPko eledunak.

Azkeneko albistea (azaroak 17, 12:40). Espainiako Senatua ere kontra azaldu da. Atzo Espainiako Kongresua bezala, gaur Espainiako Senatua azaldu da EAE-ANV udal gobernuetatik berehala bidaltzeko mozioaren aurka.

PPk sartu du Senatuan mozioa, eta UPNren babesa besterik ez du lortu. PSOE, Entesa Catalana de Progres, CiU, EAJ eta Talde Mistoa aurka azaldu dira. Mozioak aldeko 122 boto jaso ditu, kontrako 133.

El Pais Espainiako egunkariaren gaurko editoriala hemen ANVko udalak desegiteko aukeraz.