Epaitegi berritua inauguratu dute, Inazio Uria zena gogoan

Uztarria.eus 2008ko abe. 15a, 14:12

Azkarraga eta Ibarretxe -ezkerretik lehen biak-, Uria familiako kideekin gaur, Azpeitian.

Altuna y Uria enpresak egin ditu eraberritze lanak, eta Inazio Uria ETAk hildako enpresaburua omendu dute gaur

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Joseba Azkarraga Justizia sailburuak hartu dute parte ekitaldian

Azpeitiko epaitegi berritua inauguratu dute gaur (astelehena), eta Inazio Uria ETAk abenduaren 3an hildako Altuna y Uriako enpresaburua izan dute gogoan; omendu egin dute. 11:30ean hasi da ekitaldia eta, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte sailburua izan dira.

Hain zuzen, Altuna y Uria Azpeitiko enpresak egin ditu epaitegiko eraberritze lanak, Korotel enpresarekin batera.

Iazko otsailean hasi ziren berritzen, eta bi milioi eta erdi euroko aurrekontua eduki dute. Lehen solairuan bi epaitegiak daude, erabilera anitzeko aretoez eta bulego judizialaz gain. Beste bi solairuetan artxibategia eta frogen biltegia daude.

Iaz, eraikineko lehen harria jarri zutenean, ekitaldi hartan Joseba Azkarragak parte hartu zuen. Gaur ere Azpeitian izan da eta azken 20 urteetan justizia arloan egin den lana azpimarratu du. Azpeitiko epaitegiko lanetan "Inazio Uriaren eskua" dagoela esan du, "eta ETAk hori inoiz ezingo du ezabatu".

Ibarretxeren esanetan, "justizia barik ez dago etorkizunik. Duela 20 urtetik euskal instituziook Euskadiko Justizia berritu nahi dugu, eta hori lortzen ari gara". Lehendakariak lanean jarraituko dutela adierazi du. "Orain arte egin duguna zati bat besterik ez da. Etorkizunean ere lanean jarraituko dugu, egunero, egunero, egunero".

Uriaren sendia omenaldian

Epaitegiaren inaugurazio ekitaldian Inazio Uria zenari egindako omenaldian izan dira haren senide batzuk eta Altuna y Uria enpresako ordezkariak. Fernando Lucas enpresako kudeatzaileak esker hitzak izan ditu, familiaren izenean.

Ibarretxek esan du Azpeitira "bi mezu helaraztera" etorri dela, "justiziarik gabe bizitzarik ez dagoela adieraztera eta Inazio Uriaren memoria gogoraztera. Euskaldunok harro sentitzen gara Inaziok eta bere familiak orain arte egin duten lanagatik eta aurrerantzean egingo dutenagatik".

Inazio Uria "gizon ona, bete-betea" zela esan du Jaurlaritzako lehendakariak, eta ETAri "kanpora" joateko exijitu dio.

Urtarrilaren 8tik aurrera lanean

Epaitegi berritua ofizialki gaur inauguratu badute ere, bertan ez dira lanean berehala hasiko. Hain zuzen ere, datorren urtarrilaren 8tik aurrera hasiko da epaitegia zerbitzua eraikin berrituan ematen. Ordura arte, eta lanak hasi zirenetik bezala, Izarraitz pilotalekuko egoitzan egongo da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide