Milaka lagun manifestazioan

Uztarria.eus 2008ko abe. 5a, 22:12

Manifestazio burua, gaur, 20:47an, Perez Arregi plazan, ekimenaren hasieran. (Urola Kostako Hitza)

Inazio Uriaren hilketa salatzeko bildu dira meza ondoren, ETA kanpora lelopean

EAJko, EAko eta Aralarreko zinegotziek, eta hildakoaren bi anaiak eta alaba batek eraman dute pankarta

Familiari eta enpresariei elkartasuna adierazi diete

Manifestazioko argazki sorta, hemen

Inazio Uriaren aldeko mezaren ondoren hasi dute haren hilketaren aurkako manifestazioa, eta milaka lagun elkartu dira. Baliteke Azpeitian inoiz egindako manifestaziorik handiena izatea.

Hain zuzen, 20:47an hasi da protesta ekimena, ETA kanpora lelopean. Azpeitiko EAJko, EAko eta Aralarreko zinegotziek, eta hildakoaren Imanol eta Jose Mari anaiek eta Jaione alabak eraman dute pankarta.

Perez Arregi Plazan abiatu da, eta hasi eta hamar minutura artean jendea zegoen plaza horretan. Manifestazio burua Zelai Luzera iritsi denean, eliz ataritik Enparan kalera joandako jendea ere sartu da barruan, Enparan zubia pasatuta.

Hortik Jose Artetxe kalera joan dira, ondoren Sanjuandegiko eta Azautzako biribilgunetara, Arana eta Errebal kaleak zeharkatu dituzte, eta plaza nagusian bukatu da. 21:24an heldu da manifestazio burua plazara.

Pedro Garcia Larragan kazetariak hartu du hitza bertan, eta oso labur mintzatu da. Hasteko, eskerrak eman dizkie manifetazioan bildu diren denei, eta "ETA kanpora" aldarrikatu du. Euskal enpresari denei elkartasuna adierazi die, eta "egiten duten lanagatik gizarteak eskerrak" ematen dizkiela esan du. Inazio Uriaren familiari, lagunei eta lankideei elkartasuna eta dolumina agertu dizkie.

Bukatzeko, minutu bateko isilunea egin dute.

Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek, Adegik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eudelek deitu dute manifestazioa. Horien izenean leitu du agiria Larraganek.

Azpeitiko EAJk, EAk eta Aralarrek bertan parte hartzeko dei egin zuten atzo.