Familiak omenaldia jaso du Eusko Legebiltzarrean

Uztarria.eus 2008ko abe. 5a, 14:12

Inazio Uriaren anai-arreba eta seme-alaba batzuk Gasteizen izan dira gaur

Jaione alabak eta Fernando Lucas enpresako kudeatzaileak hildakoaren argazki baten azpian lore sorta jarri dute

Inazio Uria zenaren alaba Jaionek eta Fernando Lucas Altuna y Uriako enpresako kudeatzaileak Eusko Legebiltzarrean hildakoaren argazki baten azpian lore sorta jarri dute gaur (ostirala). Legebiltzarrak Uria omendu du ekitaldi batean.

Bi haiez gain, hildakoaren Imanol, Olatz, Arantza eta Begoña anai-arrebak, eta Iñigo semea ere izan dira gaur Gastezein, baita beste hainbat senide ere. Manoli alarguna eta etxeko beste batzuk Azpeitiko beilatokian geratu dira.

Izaskun Bilbao Eusko Legebiltzarreko presidenteak besarkada bat bidali dio sendiari, eta gaitzespen agiria irakurri du, Parlamentuaren izenean. Enpresaburuei ere elkartasuna adierazi die, AHTren alde azaldu da eta ETAri indarkeria behin betiko uzteko exijitu dio.

Agur jaunak abestiarekin bukatu da omenaldia. Han izan dira Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Legebiltzarreko beste talde deneak, EHAK izan ezik. Enpresa elkarteetako ordezkariek ere hartu dute parte ekitaldian.