Jende uholdea bildu da Inazio Uriaren aldeko hiletan

Uztarria.eus 2008ko abe. 5a, 20:12

Parrokiko ataria jendez beteta gaur, 19:30ean, Inazio Uriaren hilkutxa iritsi den unean.

Ibarretxe, Azkarraga, Madrazo, Olano, Espainiako bi ministro, Lopez, Saenz de Santamaria, Patxi Zabaleta, Confebask eta Adegikoak... joan dira mezara, ehunka herritarrez gain

"Senar maite bat, guraso on bat, enpresari fin bat, herrizale bikain bat, kristau zintzo bat garbitu dute", esan du Uriarte gotzainak

Eliz atariko irudi bilduma hemen

Espero zen bezala, jende uholdea bildu da gaur (ostirala) arratsaldean Azpeitian Inazio Uriaren aldeko hileta elizkizunean. 19:30ean hasi da meza, baina 18:00ak ingururako jendea hasi da Soreasuko Sebastian parrokira hurbiltzen.

Hortik 500 bat metrora dago Carmona beilatokia, eta hau egun osoan irekita egon da. 19:00ak aldera hasi da jendea bi lekuen arteko bidean elkartzen, eta pasilloa egin diete Inazio Uriaren senideei, hauek hilkutxa zeraman autoaren atzetik elizara joan direnean. Parrokia dena bete da, eta jende andana egon da eliz atarian eta inguruetan —adibidez, Perez Arregi Plazako erdiraino—.

Ehunka herritarrez gain, hainbat eta hainbat pertsona ezagun joan da parrokira. Azpeitiko Udaleko EAJko, EAko eta Aralarreko ordezkariez gain, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Joseba Azkarraga EAko idazkari nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Lan sailburua, Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburua eta EBko koordinatzailea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Cristina Garmendia eta Magdalena Espainiako Gobernuko ministroak, Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentea, Unai Ziarreta EAko lehendakaria, Leire Pajin PSOEko Antolakuntza idazkaria, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Kongresuan PPko bozeramailea, Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako presidentea, Rafa Larreina EAko legebiltzarkidea Gasteizen, Leopoldo Barreda EAEko PPko legebiltzarkidea, Patxi Zabaleta eta Jon Abril Aralarreko koordinatzailea eta koordinatzaileordea, Jokin Bildarratz Eudel EAEko udalen elkarteko presidentea, Josu Jon Imaz eta Xabier Arzalluz EAJko EBBko presidente ohiak, Jose Mari Bastida Azpeitiko alkate izandakoa, Asier Aranbarri Azkoitiko alkatea, Iñaki Anasagasti EAJko parlamentaria Madrilen, Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia, Ramon Etxezarreta Donostiako PSE-EEko zinehotzi ohia, Confebask eta Adegi enpresa elkarteetako ordezkariak, Sandra Carrasco Isaias Carrasco zenaren alaba, Pedro Miguel Etxenike fisikaria...

Donostiako gotzainaren sermoia

Juan Mari Uriarte Donostiako gotzainak eman du meza, eta 20:35ean bukatu da. Haren sermoiko zatiak:

“Samindurik, sumindurik, hunkiturik gaude. Senar maite bat, guraso on bat, enpresari fin bat, herrizale bikain bat, kristau zintzo bat garbitu dute, ehiztariak aberea botatzen duen antzera. Gizon bat hil dute, Jainkoaren seme bat! Negargarria eta lotsagarria! Zergatik? Zertarako? Noren izenean?

Gizon honen emaztea eta seme-alabak akiturik utzi dituzte, puskatuta. Nork du hain zuzengabea den halako oinazea eta nekea ekartzeko eskubiderik?

Euskal Herriko enpresariak eta beraien langileak beldurpean kateatu nahi dituzte. Hau al da gizartea jasotzeko bidea? Zer lortzen dute: herria eraikitzea ala suntsitzea?

Herriaren ordezkariek eta erakundeek legez hartutako erabaki bat, indarkeria bide dela, ezereztu egin nahi dute. Hau al da gehiengoaren ebazpena errespetatzea? Ezadostasuna zilegi da; indarkeria, inola ere ez.

Gizartearen itxaropenari sastada ikaragarri bat sartu diote. Itxaropena da herriaren arnasa. Zer egin dezakegu arnasarik gabe? Askatzaile izenaz, ETAk morrontza dakarkigu. Salbatzaile ez baino hondatzaile dugu.

Ezinbestekoa, hemen garen guztiok mezu berezi bat jasotzea homilia honetan. Lehenbizi, Azpeitia eta Euskal Herri osoak. Gure arriskua etsipena da. Etsipenak indargetu egiten gaitu. Gizarte bezala beharrezko ditugun indar guztiak. Beste herri batzuk egoera latzagoetatik atera dira etsipenak geldotu ez dituelako. Ez gaude errotape honetan giltzapeturik.

Enpresariak zarete, urteetan zehar, ETAren indarkeriaren jomuga berezietako bat. Konturatzen gara zama makurra daramazuela zuen gainean. Jabetzen gara zama honek zuen barnea, familia, ondasunak kargatzen dituela. Zuen eta zuen lantegietako langileok jakin ezazue behar-beharrezko zaituztela gizarte honek, batez ere sasoi gordin honetan. Ondo merezia duzue gure babesa.

Herriaren ordezkari zaretenok enpresari eta langileen segurtasuna bermatzen ahalegin sendoak jarriko dituzuela seguru nago. Herri honetara bakea ekarri nahi duzue guztiok. Hau da, izan ere, zuen helburu nagusietarikoa. Jar ezazue helburu hau ez bakarrik alderdikerien gainetik, baizik baita ere zuen legezko desberdintasun batzuen gainetik ere. Elizak berriz errepikatzen dizue: egin dezagun guztiontzako bakea guztion artean.

Inazio Uriaren emazte, seme-alaba eta etxekoentzako dira orain nire hitzak. Izugarria da hartu duzuen zartada. Beltza da zuen iluntasuna. Gizartearen elkartasuna eta laguntza ez da nahiko zuen samina baretzeko. Geroxeago jalgiko da zugan, Manoli, eta zureengan, Inaziok eta zerorrek elkarrekin sutsu bizi izan duzuen sinesmena. Berak lagun egingo dizue zuri eta etxekoei. Ez da oinazea uxatuko, baina oinaze hori eramateko emango dizu adorea eta gantzua. Jainkoaren albotik berak lagunduko zaitu”.

Meza ondoren hasi dute manifestazioa, ETA kanpora lelopean, eta milaka herritar bildu dira.