Ziarretak dio zentsura mozioak aurrera irteteko, udal programa adostu beharko luketela EAJrekin

Uztarria.eus 2008ko abe. 5a, 14:12

EAko lehendakariak esan du elkarrizketa jeltzaleek "lideratu" beharko luketela, baina haien formak kritikatu ditu

Egibarrek dio EAk "ez orain baizik eta duela urtebetetik" duela "mahai gainean" zentsura mozioa, jeltzaleek aurkeztuta

Azkeneko albistea (azaroak 6, 15:07). EAk eta Aralarrek batzordeburu karguak ere utzi dituzte

EAJk Azpeitian IƱaki Errazkin alkatearen kontrako zentsura mozioa aurkezten badu, hori babestu edo ez "aztertu" egingo dutela esan du Unai Ziarreta EAko lehendakariak. "Gu ez gaude zentsura mozioaren aurka". Dena dela, baiezkoa emateko, "udal gobernu programari buruzko akordioa" lortu beharko litzateke, haren ustez. "Hiru alderdiok (EAJ, EA, Aralar) ados jartzeko, elkarrizketa EAJk lideratu" beharko lukeela iritzi dio, jeltzaleena delako Azpeitiko alderdirik bozkatuena.

EAko presidenteak berriro kritikatu du Inazio Uria ehortzi aurretik EAJ zentsura mozioaz hizketan aritu izana. "Une hauetan denon batasuna behar denean, ulertzen ez ditudan epe motzeko hauteskunde interesak ditu EAJk", dio Ziarretak gaur (ostirala) El Diario Vasco-ri emandako elkarrizketan. EAk asteazkenean utzi zuen ugal gobernua.

Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako presidenteak atzo Euskadi Irratian zioen EAk "ez orain baizik eta duela urtebetetik" duela "mahai gainean" zentsura mozioa, jeltzaleek aurkeztuta eta sinatuta, baina EAk ez duela ontzat jo orain arte.

Zentsura mozioa aurkezteko eta honek aurrera irteteko gehiengo osoa behar da, eta EAJk ez du halakorik Azpeitiko Udalean. Zortzi zinegotzi ditu eta bederatzi behar dira, hamazazpi zinegotzik osatzen dutelako herriko Udala. EAk bi hautetsi ditu eta Aralarrek bat. Ezker abertzaleko taldeak -horko kide da alkatea-, sei. Aralarrek atzo jakinarazi du udal gobernua utzi duela.

Ziarretak aitortu du ez dela damu iazko ekainean Azpeitian udal gobernurako EAE-ANVrekin akordioa lortu izanagatik, "ANVk (Espainiako Gobernuko) Barne Ministerioaren legezko filtro denak pasatu zituelako hauteskundeetara aurkezteko. Orain, (ETAren) indarkeriaren aurkako gaitzespen argirik ez du egin ANVk, eta udal gobernua utzi dugu. Baina uste dut gure erabaki horrek jende bat deskolokatu egin duela".

Manuel Unanue eta Mikel Ibartzabal dira EAk Azpeitian dituen zinegotziak, eta biek, udal gobernua uzteaz gain, Udalean zituzten karguak utzi dituztela berretsi du Ziarretak.

Berria-n balizko zentsura mozioaz gaur argitaratutakoa hemen.

Azkeneko albistea (azaroak 6, 15:07). EAk eta Aralarrek batzordeburu karguak ere utzi dituzte. EAk bi zinegotzi ditu Azpeitiko udaletxean: Manuel Unanue eta Mikel Ibarzabal. 2007ko ekainetik orain arte, udal organoak osatu zirenetik, Unanue Ogasuneko eta Kiroletako batzordeburua izan da. Ibarzabalek Festa Batzordearen ardura izan du. Baina, orain kargu hoiek utzi egin dituzte.

Hala ere, Azpeitiko Udaleko zinegotzi izaten jarraituko dutela azaldu dio Manuel Unanuek Urola Kostako Hitza-ri. Zinegotzi izatearekin batera, "lehen bezalaxe edo gehiago" lanean jarraituko dutela ere adierazi du Unanuek.

Aralarreko Juan Karlos Arellano zinegotzia Gizartekintzako batzordeburu izan da, eta honek ere utzi egin du kargu hori. Honek azaldutakoaren arabera, "Gobernu Batzordea uzteak ekarri du batzordeburu kargua uztea".