Hiru etakidek hartu zuten parte atentatuan, Herrizaingo Sailaren arabera

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 5a, 11:12

Polizia ikerketen arabera, Inazio Uriaren kontrako atentatuan erabilitako arma ez da Isaias Carrascoren hilketan erabilitako bera

Altuna y Uriako enpresaburua tiroz erasotu zuten ustezko bi etakideez gain, beste batek lagundu zien autoa lapurtzen

Ustezko hiru etakidek hartu zuten parte Inazio Uriaren hilketan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren azken informazioen arabera. Uriari Loiolan tiroak bota zizkioten bi etakideez gain, horiei beste batek lagundu zien autoa lapurtu zuten tokian, Itziarko gainean. "Atentatuaren egileen inguruko ezer" ez duela oraindik baztertzen adierazi du Herrizaingo sailburu Javier Baltzak.

Polizia iturrien arabera, frogatuta geratu da Loiolako atentatuan erabilitako armak ez zirela martxoaren 7an Arrasaten Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohiaren hilketan erabilitako berak, balistika ikerketek hala diotelako. ETAk bi atentatu horietan erabilitako balak 9 mm parabellum motakoak izan arren, balazorroak ezberdinak dituztela dio Herrizaingo Sailak eta, horrenbestez, bi arma ezberdin direla dio. Arma horiek beste erasoren batean erabili ote dituzten ikertzen ari dira.

Azpeitia eta Itziar artean

Carrascoren kasuan bezala, Inazio Uria Altuna y Uria enpresako arduradunak ez zuen bizkartzainik. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak eman duen bertsioaren arabera, 30 urte inguruko bi gizonezkok egin zuten Loiolako atentatua. Itziarko (Deba) gainera joan ziren ibilgailu batean. Auto hura Itziarren aparkatu —Azpeititik 25 kilometrora—, eta pertsona bati Alfa Romeo ibilgailua kendu zioten, atentaturako. Pertsona hura Itziarren utzi zuten, besoak lotuta eta begiak estalita, hirugarren ustezko etakidearen zaintzapean. Beste biek, Azpeitira joan, Inazio Uria hil eta Itziarrera jo zuten berriro. Atentatua egiteko erabilitako autoari su eman, eta beraiek aurrez erabilitako autoan egin zuten ihes.

Hipotesiak

ETAk hil duen 41. enpresaburua da Inazio Uria azpeitiarra. Jose Mari Korta hil zuten azkena, 2000. urtean, Zumaian. =iIraultza zerga=i deiturikoa ez ordaintzeagatik hil izan ditu enpresaburuak ETAk baina, Ertzaintzaren arabera, Uriak horregatik mehatxuak jaso izan baditu ere, ez da hori kasu honetan Herrizaingo Sailaren hipotesi bakarra.

AHT eraikitzeko lanetan ari da Altuna y Uria enpresa, eta ETAk tren azpiegitura horren obretan ari diren enpresen kontra egin izan du eta agiri bidez ere mehatxatu izan ditu. Hernanin, Zarauten eta Orion egin ditu erasoak, esaterako, azkeneko hori bere gain hartu ez bazuen ere.