Olatz Uria: "Jendearen basesa lortu dugu, baina gure anaia hilda dago"

Uztarria.eus 2008ko abe. 5a, 10:12

Inazio Uriaren arrebak familia jasaten ari den sufrimenduaren berri eman du

Haren anaia "pertsona ona" zela azpimarratu du Olatz Uriak

Inazio Uria zenaren arreba Olatz Uriak jendearen babesa eskertu nahi izan du. Hala ere, egun hauetan familia jasaten ari den sufrimendua ezin izan du ezkutatu. "Jendearen basesa lortu dugu, baina gure anaia hilda dago eta eta nik gure anaia nahi dut".

Anaia haren gizatasuna goraipatu du arrenak. "Gure anaia oso pertsona ona zen eta lana eskatzera joaten zen guztiari ematen zion. Onegia zen, jende guztiak lana eskatzen zion, eta gauza bat ez bazen beste bat ematen zien. Pertsona umila zen. Kolore guztietako jendeak egiten du lan enpresan".

Olatz Uriak Inazioren alarguna ere gogoan eduki du. "Biak beti batera egoten ziren. Pena handia ematen dit Manolik (Aramendi)". Momentu hauetan alargunari lagundu behar zaiola esan du, "indartsu dago, baina bere senarra asko botako duelako faltan".

Altuna y Uria enpresako gerente Fernando Lucasek familiakoen izenean eskerrak eman dizkie babesa agertu dieten herritar eta politikariei. "Heriotza honek mina besterik ez du sortu, familia oso bat eta enpresa oso bat suntsituz". Enpresaburuak lana besterik ez zuela egiten azpimarratu du. "Lagunen laguna zen, eta asko maite zuen Euskal Herria, jaio zen herria".