Altuna y Uriako langileon erabateko arbuioa

Altuna y Uria S.A. Gipuzkoako enpresabatzordea 2008ko abe. 3a, 21:12

ELA sindikatuak ere gaitzestu du gaurko atentatua, eta biharko elkarretaratzea deitu du (10:30, Loiola)

Altuna y Uria S.A. Gipuzkoako enpresa-batzordeak, gaur arratsaldean urgentziaz bildu eta gero, Inazio Uria Mendizabalen hilketa erabat arbuiatu eta gaitzetsi nahi du. Uria, lan egiten dugun enpresako jabeetako bat zen. Honekin langileen artean nagusi den sentipena jasotzen dugu, lankideen samina eta oinazea; Inazio batez ere oso gertu zegoen pertsona bat genuen. Horregatik, beste ezer baino lehenago, batzorde honek hildakoaren senide eta lagunei, gehien maite zutenei, dolumina eta elkartasuna helarazten dizkie.

Enpresa batzorde honek eta gizarte osoak honelako ekintzak mespretxatzen ditu, gure elkarbizitzan nagusi behar lukeen oinarririk funtsezkoenak hankaz gora jartzen baitituzte. ETA bere ekintzetan tematzeak samina eta etsipena besterik ez dakarkigu. Atentatuak behin betiko amaitu behar dira. Gainera, bere jokabide setatia —gaur enpresaburu bat hil duena— goitik behera euskal langileen interes, nahi eta helburuen kontrakoa da.

Ezin dugu onartu ere honelako ekintzetarako aitzakia eraikuntzako enpresak Abiadura Handiko Trenaren moduko azpiegituretan lanetan ari direla izatea. Eta are gutxiago pertsona eta ondasunen aurkako atentatuak obra horren kontrako borroka sozial zilezgikoen babesa bailiran zuritzea.

Guk, eraikuntzako langileok, argi esan nahi dugu ezerk ez duela biolentzia justifikatzen. Gure iritziz, hilketa honekin ETAk gurean garatzen ari diren herri-borroketan esku hartu nahi du, eta hau ez dugu onartzen.

Enpresa batzordeak bat egiten du ELAk bihar gaitzespena eta elkartasuna plazaratzeko deitu duen bilkurarekin; bihar, osteguna, goizeko 10:30ean Altuna y Uria enpresaren egoitza ondoan (Loiolan).

ELAren gaitzespena

"ELAk gaitzetsi egiten du gaur eguerdian Azpeitian gertatu den Inazio Uria Mendizabal enpresario gipuzkoarraren hilketa, eta bere dolumina eta elkartasuna adierazi nahi die bere senide eta lagunei.

Euskal gizarteak honelako ekintzak arbuiatu egiten ditu, izan ere ondorioak samina, etsipena eta amorrua besterik ez baitira. ETAk behin betiko baztertu behar du estrategia hau. Gainera, bide horretatik tematzea, gaur enpresaburu baten bizitzaren aurka, euskal langileen interesen kalterako besterik ez da; kalte egiten digu ere gure herrian sakoneko aldaketa politiko nahiz sozialak eragin nahi ditugun guztioi.

Ezin da onartu, bestalde, iraganean —edo etorkizunean— honelako ekintzak beste azpiegitura eredu baten aldeko borroka sozialen aitzakiaz egitea; gaurkoa AHT litzateke. Borroka hauetan dihardutenek ez dute behar, eta ez dute eskatu, biolentzia erabiltzerik, eta ez dute horrelakorik justifikatzen. Aitzitik, armek dinamika hauek zikindu egiten dituzte. Hilketa berez gaitzestekoa da, eta aipatutako arrazoiak medio gurean garatzen ari diren herritarren borroketan ETAren aldetik onartu ezineko esku hartzea adierazten du.

ELAk dei egiten die Urola bailarako langileei parte har dezaten bihar, osteguna, hilketa gaitzetsi eta elkartasuna adierazteko egingo den bilkuran. Goizeko 10:30ean izango da, Altuna y Uria enpresaren egoitza ondoan (Loiolan)".