Lehen diskoa argitaratu du Mondocane taldeak

Urola Kostako Hitza 2008ko abe. 3a, 11:12
Mondocane laukotea.

Ibai bideak da lanaren izenburua

Laukotea diskoetxe batzuekin harremanetan egon den arren, euren kabuz argitaratu du diskoa

Euskal Herrian argitaratu ohi diren liburuen eta diskoen erakusleiho zabalena da Durangoko Azoka. Ekoizpen gehienak bertan topatu daitezke, batik bat azken nobedadeak. Baina zirkuitu horretatik kanpo geratzen diren nobedaderik ere bada euskal musikagintzan, diskoetxerik gabe funtzionatzen duten hainbat talderen fruitua. Zaku horretan sartzen da Mondocane laukotea, azpeitiarrek eta azkoitiarrek osatutakoa. Uztailean beraien estreinako diskoa kaleratu zuten, Ibai bideak izenburupean, baina jendeak ezin izango du Durangon eskuratu, Azpeitiko, Azkoitiko eta inguruko herritako tabernetan baizik.

"Duela 4 urte hasi ginen elkarrekin jotzen eta urte horietan egindako lana disko honetan sartu nahi izan dugu. Ondorioz, hainbat eraginetako eta estilotako abestiak bildu ditugu eta horietako bat Ibai bideak da, diskoari izenburua ematen diona hain justu", azaldu du Mondocaneko baxu-jotzaile Asier Gurrutxaga urrestildarrak.

Naturarekiko duten "harremana" islatu nahi izan dute izenburuarekin: "Mondocanek txakurren mundua esan nahi du, eta mundu horrek harreman zuzena du animaliekin eta naturarekin". Natura bera hizpide, Ibai bideak abestiak desertuari buruz hitz egiten duela kontatu du Gurrutxagak: "Desertuari buruzko abestia da. Kasu horretan, suge batek hondarretan egiten dituen marrak dira ibai bideak".

Diskoa "bere garaian"

Nahiz eta estreinako lana argitaratzeko 4 urte behar izan dituzten, "behar zen garaian iritsi" dela nabarmendu du taldeko baxu-jotzaileak. "Nahikari handirik gabe egindako diskoa da. Lokalean buru-belarri aritu gara lanean eta, azkenean, materiala bildu eta hori euskarri fisiko batean jaso nahi izan dugu". Mondocanek euren taldekide ohi Josu Zubizarretaren estudioan grabatu du diskoa. 2007ko abuztuan grabatu zituzten abestiak, baina diskoa argitaratzeko denbora behar izan dute.

Atzerapen horrek badu bere arrazoia. Hainbat diskoetxetako ateak jo zituzten, baina azkenean euren kabuz argitaratzea erabaki dute: "Hiru bat diskoetxerekin jarri ginen harremanetan eta denek erakutsi zuten interesa gugan. Baina diskoetxen egungo egoera nahiko larria da, beraien etorkizuna ere kolokan dago. Ondorioz, ez dute apusturik egin nahi talde berrien edo ezezagunen alde. Beraz, denbora aurrera zihoala ikusita, geuk kaleratzea erabaki genuen".

Hamabi abesti, bertsio bat

Mondocanek dozena bat abesti jaso ditu bere estreinako lanean. Gehienak euskaraz dira eta hiru, berriz, ingelesez. "Abesti asko aspaldikoak dira. Nolanahi ere, orain askoz ere argiago dugu abestiak euskaraz landu nahi ditugula". Musikalki oinarri zehatzik ez dute jarraitzen, gainera: "Musika genero asko entzun eta iturri askotatik edan dugu, baina agian 70eko hamarkadako rock klasikoaren kutsua agerian geratzen zaigu". Hitzei dagokienez, nahiko pertsonalak eta intimistak direla dio.

Bilduman Jo Ta Kie taldearen Ba al leike abestiaren moldaketa jaso dute. Gurrutxagaren hitzetan, "gaztetatik entzun izan dugun talde da eta, nire iritziz, denboraren poderioz erraz ahaztu dena. Beraien ekarpena pixka bat azpimarratzeko egin dugu". Jo Ta Kie taldekoek ere entzun dute bertsioa eta "hunkitu egin dira".

Orain dela ia urte eta erdi grabatutako diskoa da, ordea, eta denbora tarte horretan abesti berriak egin dituzte. "Gure asmoa kontzertuak ematen hastea da. Diskoko abestiekin eta abesti berriekin emanaldi itxurosoa dugula esango nuke. Gainera, zuzenean defendatzen dugu hobekien gure musika".