Jabi Agirre presoa Espainiaratu egin dute

Uztarria.eus 2008ko abe. 3a, 11:12

Azaroaren 8an bete zuen Frantziako Justiziak jarritako zigorra, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak euroagindua eskatu zuen

2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, etakidea izatea egotzita

Jabi Agirre (1972, Azpeitia) presoa Frantziatik Espainiara eraman zuten atzo (asteazkena). Azaroaren 8an bete zuen Frantziako Justiziak 2004an ezarritako zigorra —zortzi urteko kartzela kondena jarri zioten—, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak euroagindua eskatu zuen eta, atzotik, Espainiako Justiziaren esku dago. Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epailea izan da euroagindua eskatu duena.

2003ko urtarrilaren 17an atxilotu zuten Agirre, Bourges herrian (Frantzia), Xabier Etxeberria azpeitiarrarekin batera, ETAko kidea izatea egotzita. 2001eko urrian aldegin zuen Azpeititik, eta ETAko talde bati laguntzea eta etxean armak edukitzea leporatzen dio Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Haren Espainiaratzea salatzeko manifestazioa egin zuten orain aste batzuk Azpeitian hainbat lagunek.

Agirre bost urte horietan Frantziako espetxe desberdinetan eduki dute preso: Fleuryn, La Santen, Moulinsen, Fresnesen eta, azkenaldian, Poisin —Azpeititik 950 kilometrora—.

Jabi Agirreren atzoko argazkia, hemen

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi) Mureten (Frantzia) preso, 350 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta atzo Espainiaratu.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Garikoitz Etxeberria. (Kafe) Bonxen (Galizia) preso, 665 kilometrora. 2007ko otsailean atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org