Oraindik isil ez daitekeen aldarrikapena

Maria Jesus Aranburu Orbegozo (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara diputatua) 2008ko abe. 3a, 11:12

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur (abenduak 3), 60 urte betetzen dituen eguna Eusko Ikaskuntzak 1948. urtean lehenengoz izendatu zuenetik. Aurten, gainera, UNESCOk izendatutako Hizkuntzen Nazioarteko Egunarekin bat egiten du. Ekimen hau dela eta, erakundeko zuzendari nagusi Koichiro Matsuurak "gizabanakoen eta giza taldeen identitatea indartu eta haien arteko bizikidetza baketsua indartzeko hizkuntzak ezinbestekoak direla eta garapen iraunkor zein herri mailako eta mundu mailakoaren arteko lotura orekatua bilatzeko giltzarri" direla baieztatu zuen.

Euskararen Nazioarteko Egunak hizkuntzak egun Gipuzkoan bizi duen egoeraren inguruan hausnarketa egin eta etorkizuneko erronkak zeintzuk diren argitzeko aukera paregabea ematen digu.

Begi-bistakoa da euskararen normalkuntzak azken hamarkadetan izan duen garapena. Nork esango luke, bestela, egun selektibitatea egiten duten ikasle gehienek azterketa euskaraz egitea hautatzen dutela edota gipuzkoarren %85 ele bitan egiteko gai direla? Administrazioan ere, Hezkuntza edo Osasun arloan, euskarak duen lekua egunetik egunera zabalagoa da. Euskaraz egiteko gai den herritar kopurua gora doa, eta hala islatu zuten EUSTATek ekainean kaleratutako datuek: euskaldun kopuruak 40.000 lagun gehiago batu zituen Gipuzkoan 1996-2006 urteen artean.

Euskaldun kopuruak gora egin badu ere, oraindik euskarak zailtasunak ditu lagun artean eta herritarren etxeetan barneratzeko. Etxean eta kalean euskararen erabilera sustatu dezaketen euskarazko film, DVD, mahai joko eta aisialdirako bestelako produktuak sortzeko ahalegin eta irudimenik ez da falta eta proiektu horiek aurrera atera daitezen Gipuzkoako Foru Aldundiak bere laguntza eskaintzen jarraituko du. Gainontzeko erakundeekin eta gizartearekin batera, elkarlanean, administrazioan euskararen erabilera bermatzeko lanean jarraituko duen moduan. Duela gutxi eskuratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuak Bikain saria, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duen ziurtagiria. Euskal erakundeen artean, Aldundiko Kirol Zerbitzua da herri administrazioko erakundeen artean ziurtagiria lortzen lehena. Gipuzkoako udalekin batera, halaber, euskararen sustapenerako udal teknikariei laguntzeko Udalekin programa martxan da jada. Abian dira Subijana Etxeko jarduna eta Mintzola Fundazioa sortzeko lehen urratsak ere.

Urrats handiak egin badira ere, euskaraz bizi ahal izateko aukera bermatuta izateko, oraindik asko dago egiteko. Aukera hori egia bihurtzen ez den bitartean, erakunde eta herritarrek lanean jarraitu beharko dugu. Euskararen erabilera egun bateko aldarrikapena baino, urte osoko egitekoa baita.