Krisi ekonomikoaren aurrean kaleratzerik ez!

Azpeitiko Ezker Abertzalea 2008ko aza. 22a, 11:11

Hainbeste aipatzen den krisiaren ondorio gordinak gure herrira iristen ari dira. Kaleratzeak batean eta bestean. Baina ez gara egun batetik bestera egoera honetara iritsi. Aspaldidanik gaude langileok krisi egoera batean, honek ordea ez du klase politikoan inongo oihartzunik izan. Krisiak boteretsuen poltsikoetan atea jo duenean hasi da zurrunbilo politiko-mediatikoa. Eta nola ez, finantza krisia ekonomiako beste sektoreetara zabaltzen ari da, langileok aurrez bizi genuen egoera gehiago okertuz. Okerrena da inork ez dakiela zenbatekoa den sistema kapitalistak beste behin oparitu digun zuloa.

Orain arte neurri desberdinak hartu dituzte agintariek, baina hauetako batek ere ez du balio izan behar gehien duten familien egoera hobetzeko. Lan arloan langileen eskubideen murrizketari ekin zaion bitartean, arlo politikoan enpresari "gaixo" horientzat sekulako diru iturriak zabaldu dira, eurentzako onuragarriak diren aldaketa fiskalak, obra publikoetarako inbertsioak... eta hau guztia diru publikotik aterata, hau da, milioika langileren poltsikoetatik. Eta guzti hau borobiltzeko, krisiaren arduradunek lana banatu beharrean, kaleratzeak eta 65 orduko lan astea eskaintzen dizkigute.

Hala ere agintari batzuek lasai egoteko diote, ez dituztela gastu sozialak ukituko. Baina lasaitasunezko diskurtso-tranpa horren atzean beste errealitate bat dago. Kaleratzeak etxeko atarira iritsi zaizkigu, inflazioa soldatak jaten ari da (azken urtean esnea %22,4 igo da, arroza %12, oilaskoa eta arrautzak %11) eta hipoteken igoera langile familien ekonomiak itotzen ari da. Eta gure agintariek hartutako neurriek nori egiten diote mesede? Diru publikoa negozio pribatuetarako erabiltzen ari dira, adibidez AHT eta Busturialdeako Guggenheim-a egiteko.

Ibarretxek dioenez enpresari "gizaixoak" lagundu egin behar dira teknologia berrietan inbertitu dezaten. Arcelorri adibidez 50 milioi euro oparitu dizkio Eusko Jaurlaritzak, azken urteetan ikaragarrizko irabaziak izan dituen multinazionalari. Zergatik ez dute enpresariek azken urte horietan izan dituzten irabaziekin inbertitzen? Merkatu librearen aldekoek aurpegira farre egiten digute, urte luzeetan irabaziak pribatizatu dituzte eta orain berdinek galerak sozializatu nahi dituzte. Eta ondorio azkenean argia da, aberatsak aberatsago eta behartsuak behartsuago.

Garbi geratu da sistema kapitalistaren porrota, eta hori onartu beharrean sistema bera iraunarazteko neurri bereziak hartzen ari dira agintari neoliberalak. Herritarron ordezkariak, herritar guztion interesen alde egin beharrean, enpresarien morroi zintzoak bihurtu dira. Eta nola ez, sistema bera kolokan jartzeko asmorik ez dute. Horrela, guztien artean, beldurraren tresna erabiliaz langileria geldirik mantendu nahi dute.

Langileok ezin dugu etxean gelditu. Hurrengo hilabeteak salaketa eta borrokarako hilabeteak izan behar dute. Kaleratzeen aurka, gastu sozialetan egongo diren murrizketen kontra, soldata duinen alde, prekarietatearen kontra... ez dezagun langileok ordaindu beraiek sortutako krisia.

Datozen gertaerak ezer egin gabe pasatzen uzten baditugu krisia ez dugu denok ordainduko. Langileria soilik izango da berriz ere krisiari belauniko eutsiko diona. Beraz, arlo politikoan, sindikatuekin bat, frente soziala egin behar dugu. Hori dela eta, LABek deituta, "Burujabetza ekonomikoaren alde, langileok aldaketa" lelopean azaroaren 22an, 12:30ean, Azpeitiko plazatik abiatuta egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu.