Euskal Antzerki Topaketan antzerki amauteurraren asteburua hasiko da gaur

Urola Kostako Hitza eta uztarria.com 2008ko aza. 21a, 10:11

Lasarte-Oriako Landaberri Antzerki Eskolakoak.

Bihar (larunbata) herriko Emakumeen Antzerki Taldekoek antzeztuko dute

Lasarte-Oriako Landaberri Antzerki Eskolaren Garraxi ixilak eta Miarritzeko Maite Dugulako antzerki taldearen Satorrak antzezlanak ikusteko aukera izango da

Aurrera doa XXVI. Euskal Antzerki Topaketa. Oraingo honetan, antzerki amateurraren txanda da; gaur hasi eta igandera bitartean hiru antzezlan ikusteko aukera izango da Izarraitz pilotalekuan. Tartean, etxekoek ere jardungo dute, hau da, herriko Emakumeen Antzerki Tailerrekoak, Habemus Zirkus antzezlanarekin.

Topaketan, antzerki amateurraren asteburua gaur hasiko da, Lasarte-Oriako Landaberri Antzerki Eskolakoen Garraxi ixilak antzezlanarekin. Landaberriko helduen taldeetako batek maiatzaren bukaeran estreinatu zuen antzezlana Andoainen eta Espainiako Gerran gertatutakoak kontatzen ditu. Andoainen Oroituz taldeak egindako lanaren ondoren, Xabier Lasak idatzitako Ahozko historia-Oroimenean lokartutako ahotsa liburuan oinarrituta dago. Testua Joxerra Fachado zuzendariaren eta Mailu Arruti eta Junkal Perez taldeko aktoreen artean moldatu dute.

Antzerki amateurraren baitako bigarren antzezlana bihar da. Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrekoek Habemus Zirkus antzezlana egingo dute. Lana joan den maiatzean estreinatu zuten, Emakumearen Mahaiak antolatutako ikasturte bukaerako jaialdian, Betharramdarretan. Umorezko antzezlana da Emakumeen Tailerrekoena. Azken aste hauetan azken entseguak egiten ibili dira, Perretxiko eraikinean duten lokalean. "Taldean giro ona" dagoela diote eta antzezlana prestatzen "ondo" pasatzen dutela. Baina, Azpeitiko plazari errespetua diotela ere esaten dute aktoreek. "Geu ere azpeitiarrak gara eta ikusleek asko eskatzen dute. Hala ere, jendeak badaki zer ikustera doan, eta gu amateurrak garela. Niretzako arrakasta hamabi emakume antzerkia egiteko helburuarekin biltzea da", dio Alaitz Olaizolak, taldearen "zirikatzaileak".

Igandean izango da Topaketako antzerki amateurraren asteburuko hirugarren eta azken antzezlana. Miarritzeko Maite Dugulako antzerki taldeak Satorrak antzezlana egingo du. Lan hori, joan den urtean Donibane Garaziko Antzerkiz-antzerki Euskal Antzerki Amateurraren Topaketan ere egin zuten. Bertan, Klima aldaketa: nolakoa ukanen dugu 2050ean? gaia lantzen dute. "Gai modernoa eta gogorra da, baina umore kutsuarekin landutakoa", diote.