Kirola eta osasuna uztartuta

Atzo (ostirala) sinatu zuten hitzarmena udaletxean Urola Zentru Medikoko Juan Jose Martinezek eta IƱaki Errazkin alkateak.

Udalarekin sinatu duen akordioari esker, Urola Zentru Medikoak azterketak egingo dizkie kirolariei

"Kirolean kantitatearen alde bakarrik ez, kalitatearen alde ere egin behar dugu", dio Manuel Unanue Udaleko Kirol batzordeburuak

Udalak Kirol Mahaitik irtendako behar bati erantzuteko aurreneko pausoa eman du. Hau da, herriko kirolarien osasunari begira, mediku azterketak egiteko Urola Zentru Medikoarekin hitzarmena sinatu du. Udaleko Kirol batzordeburu Manuel Unanueren arabera, "kirolean kantitatearen alde bakarrik ez, kalitatearen alde ere egin behar dugu. Ikuspegi horretatik, herriko kirol elkarteetakoei eta Udal Kirol Patronatuko bazkideei mediku azterketak egin ahal izateko zerbitzua eskainiko diegu".

Kirol Elkarteetako kideek edota Kirol Patronatuko bazkideek kirol azterketak merkeago egiteko aukera izango dute Urola Zentru Medikoan. "Orain, kirol elkartekoekin hasi gara eta haiek azterketak bukatzen dituztenean, Patronatuko bazkideei eskainiko diegu zerbitzua", gaineratu du Unanuek.

Urola Zentru Medikoko arduradun Juan Jose Martinezek Udalak proposatutako ekimena "oso ondo" hartu zutela aipatu du. "Gure helburua ahalik eta kalitate handieneko zerbitzua ematea da, eta horretan jardungo dugu zentrura datozen kirolariekin ere. Gure ustez, Udalak abiatu duen ekimen hau bai kirol elkarteen bai kirolarien onerako izango da".

Hitzarmen honen bidez, hiru motako zerbitzua eskainiko zaie herriko kirol elkarteetako kideei eta Kirol Patronatuko bazkideei: oinarrizko azterketa, 28 euro kostatuko dena; oinarrizkoa eta esfortzuko probak (35 euro); eta oinarrizkoa, esfortzukoa eta beste azterketa batzuk (45 euro). Hitzarmena horren bidez, herriko kirolariek zerbitzuak 12-13 euro merkeago izango dituztela nabarmendu zuen Kiroletako zinegotziak.

Kirol elkarteetako kirolariek mediku azterketarako ordua hartzeko euren elkartearekin hitz egin beharko dute. Udal Kirol Patronatuko bazkideek, berriz, igerilekuan eskatu beharko dute mediku azterketa egiteko hitzordua.

Aurrera begira, hitzarmena zabaldu eta kirolariei eskaintza zabaltzeko asmoa du Udalak eta horretan lanean ari dela nabarmendu du.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide