Gotzon Garateren baserritarrak

Orain berrogeita bat urte egin zuen lehen egonaldia Gotzon Garatek Azpeitiko baserri batean; geroztik, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako euskara aztertzen jardun du baserriz baserri

Joxean Agirrek erreportajea egin du Gara-ren Gaur8 gehigarrian

Orain hamabi urte, 1996an, bildu ziren lehen aldiz Gotzon Garateren lagunak Loiolan. Santutegian meza eman eta Izarraizko Aittola Berrira joan ziren bazkaltzera. Hirurogei bat lagun ziren, gehienak baserritarrak. “Urtero lurralde ezberdin batean bildu gara, zazpi lurraldetakoak baitziren Gotzonek bisitatzen zituen baserriak. Baserri bakoitzeko gurasoez gainera, gazteak ere joaten ziren. Gazte horietako batzuek, trikitilariak izaki, ederki berotu zuten lehen bazkalondoko giroa. Jabierren bildu ginenean, berriz, Pantxoa eta Peio etorri ziren eta bazkaria Baztanen egin genuenean Erramun Martikorena eta Jean Mixel Bedaxagar”, hasi zitzaigun kontatzen Koldo Katxo jesuita, Donostiako Altzan 17 urtez lan egin eta orain Durangoko jesuitetan bizi den tuterarra, euskaldun berria eta Gotzon Garateren inguruko topaketa hauen antolatzailea.

(...) Urtean urtean lurraldez aldatuz joan dira: Loiolan, Aierran (Nafarroa Beherean), Aralarko San Migelen, Urkiolan, Aramaion eta Urdiñarben (Casenaveren bidez Larrainen egona zen) bildu izan dira eta, azken urte honetan, Gotzon gaixorik zegoela, Arantzazun.

Odriozolatxo baserria (Azpeitia)


Orain berrogeita bat urte dira Gotzon Garate Azpeitiko Odriozolatxo baserrira joaten hasi zela. “Gu ezkondu eta hiru bat urtera hasi zen Lanbreta zahar batekin etortzen. Artean ez zuen baserrian meza emateko baimenik eta egunero Loiolara joaten zen”, hasi zen Jose Inazio Azpillaga Gotzon Garate etxean agertu zeneko garaiak gogoratzen. 
”Deustuko erretoreak eman zion hurrengo urtean meza hemen bertan emateko baimena”, jarraitu zuen emazteak, Arantxa Landak.

Odriozolatxo Azpeitiko Odria auzoan dago, 400 metro inguruko altuera duen bizkar batean. 
”Gurera etorri zenean artean Deustun klaseak ematen hasi gabe zegoen. Marxismoari buruzko ikerketak egiten ari zen. Geroxeago hasi ziren Euskal Filologia sortzen. 33-34 urte izango zituen orduan. Ordurako Andaluzian apaiz egona zen urte batzuk, eta bere Lanbreta horrekin egindako ibilerak kontatzen zituen. Egun batean matxuratu egin zitzaion motoa, eta lagun baten esku utzi zuen Loiolan. Honek dena desmontatu, zegoen bezala utzi eta Ameriketara alde egin zion. Motorik gabe geratu zen”, jarraitu zuen Jose Inaziok. 


Euskaran baztertuta zeuden hitzak jasotzera etortzen omen zen garai hartan ere. “Gari lanean erabiltzen diren hitzak bildu nahi izan zituen, esate baterako, eta galdetu egiten zuen. Edo elkarrizketa arrunt batean zerbait entzuten bazuen ere, galdetu egiten zuen eta erantzunak apuntatu egiten zituen”, esan zuen Jose Inaziok. “Hauek biak aurrez aurre jarri eta saioak egiten zituzten”, gaineratu zuen Arantxak.

“Neurri kontuekin hasten ginen, esate baterako. Alea neurtzeko edo ganadua neurtzeko erabiltzen diren neurriak aipatzen nizkion nik eta apuntatu egiten zituen. Borondate izugarriko gizona zen. Arroparekin ere ez zuen gastu handirik egingo. Besteek emandako arroparekin ibiltzea gustatzen zitzaion”, jarraitu zuen Jose Inaziok. “Jendeari laguntzen ere ikaragarria zen. Gauzak bildu egiten zituen gero beharrean zirenei emateko”, gehitu zuen Arantxak.


Bere gela zuen baserrian. Afalondoan tertulia luzeak egitea gustatzen zitzaion. “Niri nekatuta nengoela antzematen zidan eta ohera bidaltzen ninduen eta segitu egiten zuen. Goizean lan saio bat egin ondoren etxeko zakurrarekin buelta ematera joaten zen. Aita ehiztaria omen zuen eta oso zakurzalea zen. Zakurren gainean liburu bat idatzita du”, esan zuen Arantxak.

Jose Inaziok eta biek elkarrekin gosaltzen omen zuten eta orduan egiten omen zuten lehen saioa. “Milaka galdera egiten zizkidan. Orain urtebete ere egin zituen egun batzuk hemen. Bukatu gabe geratu zaion esaldien liburu bat osatzen ari zela esan zigun. Gabonak ere pasatu izan ditu gurekin. Udan New Yorkera joaten zen, eta handik bueltan ia urtero etortzen zen”, esan zuen Arantxak.

Jose Inazio Azpillaga errezildarra da, Añui baserrikoa. Erniotik libratutako harriak haien baserriraino erortzen omen dira.

Odriozolatxora ezkondu zen eta alaba bat dute, Euskal Filologia egindakoa.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide