Urrestillan haur eskola sortzeko aukera aztertuko du Udalak auzotarrekin

Urrestillako gurasoak edota guraso izatear daudenak bilerara deitu ditu Udalak hilaren 21erako

Haur eskola sortu aurretik, "beharra benetakoa" den ziurtatu nahi dute Udaleko arduradunek

Urrestillan haur eskola jartzeko aukeraren inguruan hitz egiteko batzar bat deitu du Udalak datorren astearterako, hilaren 21erako, 21:00etan Urrestillako Ibaigain elkartean. Batzarrera, "Urrestillako guraso edo guraso potentzial guztiak" deitu ditu Udalak.

Orain dela urtebete inguru Udalak herri batzarra deitu zuen Urrestillan, "gure asmoen berri eman eta herritarren iritziak jasotzeko asmoarekin"; Udalekoen esanetan, "Udal Gobernuaren erronketako bat auzoak bizirik mantentzea baita". Lehen herri batzarra egin eta Urrestillan Batzorde bat osatzea erabaki zuten. Gaur egun, Batzordeak martxan jarraitzen du. Urrestildarren eta Udalaren arteko "interlokuzio" lana egiten du baina, era berean, Urrestillan bertan gauzak antolatzen dituzte.

Beharra areagotzen

Orain bi aste, Udalak Urrestillako Herri Batzordearekin batzarra egin zuen. Bertan, Batzordekoek Urrestillan haur eskola bat sortzea lehenetsi zuten. "Benetan auzoak bizirik izatea nahi badugu, azpiegitura beharrei ere erantzun beharko diegu", Azpeitiko alkateorde Xanet Esnaolaren esanetan. Udalekoen esanetan, Urrestillan haur eskolaren beharra iaz egindako bilera zabalean ere atera zen; "beraz, behar hori areagotu egin denaren seinale da".

Baina haur eskola sortzeko prozesua abiatu aurretik, "beharra benetakoa" den ziurtatu nahi dute Udaleko arduradunek. Horregatik, Urrestillako gurasoekin, edota guraso izatear daudenekin batzarra deitu du Udalak hilaren 21erako. "Haur eskola sortzeko prozesua abiatu aurretik konpromiso bat behar dugu. Lehenik eta behin, lehen eskutik benetako beharra den jakin behar dugu. Eta, hala bada, gero hasiko ginateke lanean eta horri guztiari zer forma eman daitekeen aztertzen", azaldu du Esnaolak.

Hitzordua

  • Urriak 21. 21:00etan, Urrestillako Ibaigain elkartean.
  • Gaia. Urrestillan haur eskola. Udalak deitu du bilera, eta bertara "Urrestillako guraso edo guraso potentzial diren guztiak" deitu ditu.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide