"Harrobia zertarako? Gero Aranbururi txistuak jotzeko?"

Lillo Realeko entrenatzailea haserre dago klubeko jarraitzaile batzuen jarrerarekin

"Jendeak jakingo balu Aranburuk zenbat maite duen Reala, ez ziren ausartuko txistuak jotzera. Nire bizitzan zuzendu dudan jokalaririk onena da"

Juanma Lillo Realeko entrenatzailea haserre dago Anoeta estadiora joaten diren jarraitzaile batzuek harrobiarekin duten jarrerarekin. Lehengo larunbatean, adibidez, Reala-Xerez partidan, zale batzuek txistuak jo zizkioten Mikel Aranburu etxeko jokalariari.

“Oso bitxia da multzo txiki batek harrobia eskatzea. Harrobia zertarako? Gero Aranbururi txistuak jotzeko? Nire bizitzan zuzendu dudan jokalaririk onenari txistuak jotzeko?”, dio gaur (astelehena) Lillok gaur El Diario Vasco egunkarian. “Eta baten batek esaten badu ea zein jokalari zuzendu ditudan nik, izen batzuk botako ditut, zelaian barrualdetik jokatu izan dutenak: Guardiola, Maakay, Jokanovic, Emerson, Acuña, Juanele, Paulo Bento, Onopko. Jendeak jakingo balu tipo honek (Aranburuk) zenbat maite duen Reala, ez ziren ausartuko (txistu egitera), lotsagatik, ezta partidako bere atean hiru gol sartuko balitu ere. Beste batzuei ere ez lizkiete joko. Lotsa sentitzen dut”.

Baina zer dela-eta jotzen dizkiete txistuak etxeko jokalariei? “Nekatuta daudelako. Mikel Aranbururi, ai ama! Realarekin 299. partida jokatu zuen tipoari. Eta jokalari honetaz hitz egingo nuke gehiago, baina utz dezagun hor. Mikel Aranburu jokalari bikaina da. Hautsitako jostailu bihurtzen ari gara jokalariak. Orain harrobiko jokalari berriek multzo txiki horretakoei ilusioa egiten diete, baina denbora batera txistu egingo diete jokalari horiei, aspertzen direnean”.

Aranburuk (1979, Azpeitia) 1997ko ekainaren 22an egin zuen debuta Espainiako Lehen Mailan, Realarekin, Logroñesen kontra. 1999-2000 denboraldian igo zuten lehen taldera. 2011ra arteko kontratua du.

Mikel Aranburuz lotura batzuk hemen: I, II, III, IV, V, VI

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide