Auzaraza guneko etxebizitzen ilegalitatea dela eta

Auzitegi Gorenak legez kanpokotzat jo zituen joan den urrian Auzarazako etxeak eta horren harira atera dute idatzi hau

Ezaguna den bezala, Bilboko Auzitegi Gorenak 2003-05-30ean emandako sententzian, ilegal deklaratu zituen Auzarazako etxebizitzak. Hori baino lehen, 2003-01-30ko sententzian, Auzitegi berak indargabe utzi zituen etxebizitza hauek legeztatzeko Azpeitiko Udalak egindako Arau Ordezkazaileen aldaketak ere.

Bi sententzia hauek erekurritu egin zituzten Madrilera, bai Azpeitiko Udalak, bai Promociones Leku Eder S.A.k. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bilboko bi auzietan parte hartu zuenak, uko egin zion Madrileko Auzitegian errekurritzeari.

Madrileko Epaitegi Gorenak ere atzera bota zituen Azpeitiko Udalaren eta Promociones Leku Eder S.A.ren bi errekurtsoak, Arau Ordezkatzaileen aldaketa indargabetuz (2006-07-27) eta Auzarazako etxebizitzak ilegalak zirela konfirmatuz (2007-06-12). Bi sententzia hauek definitiboak dira, ezin da beste inon beste errekurtsorik aurkeztu, eta martxan dago bi sententzia horien ejekuzio prozedura.

2007ko irailaren 13an, Azpeitiko Udalak, sententzia horiek bere borondatez ejekutatzeko zuen bi hilabeteko epearen barruan, Bilboko Epaitegi Gorenari sententzia horiek ejekuta ezinezko deklaratzeko eskatu zion, Azpeitiko Udalak Arau Ordezkatzaile berriak onartu zituen mementotik, etxebizitza horiek legalizatuta gelditu zirela argudiatuz.

2008ko urtarrilaren 15ean Bilboko Kontenzioso-Administratiboko Epaitegi Gorenak ebazpena eman zuen. Sententziak indargabetzeko Azpeitiko Udalaren azken ahalegin berri hau, berriro ere, ukatu eta atzera bota zuen. Azken auto honek hankaz gora bota ditu, beste behingoz ere, azkenaldi honetan Azpeitiko Udaleko hainbat ordezkarik hainbat komunikabidetan Arau Ordezkatzaile berriak onartzean etxebizitza horiek legalizatuta gelditzen zirela eta sententziak ez zirela ejekutatuko esanez egindako adierazpenak.

Sententziak ez ejekutatzeko prozedura guztiak agortuta, itxita gelditu dira etxebizitza horiek legalizatzeko bide juridiko guztiak. Ez dago etxebizitza horiek legalizatzeko posibilitate juridikorik, inplikatutako aldeen akordio baten bidez izan ezik.

Gaur egungo egoera judirikoak ekarri dizkie, dagoeneko, kalteak etxebizitza horien jabeei, ejekutatzear dagoen sententzia firme batek ilegal deklaratuta ez baitie inongo bankuk edo kutxak mailegu hipotekariorik emango eta, ondorioz, ezingo baitira saldu.

Gainera, hemendik aurrera, sententzia horiek irabazi ditugunok eskubidea dugu sententzia hori derrigorrean betetzea exijitzeko, Azpeitiko Udalak ez baitu bere borondatez bete. Honek ondorengo hau ekarriko luke: etxebizitza ilegal hauek indarrean dagoen legalitatearen aurka duten guztia botatzeko eskatzea, honek etxejabeei ekarriko lizkiekeen kalte guztiekin eta Udalaren edota etxeak egin zituenaren erantzukizun ekonomiko izugarrien kate osoarekin.

Azkenekoz, eta sententziaren ejekuzioa exijitu aurrez, dei egiten diegu arazo honekin zerikusia duten alde guztiei, egoera larri honi akordiozko irteera bat emateko: Promociones Leku Eder S.A., Azpeitiko Udala eta etxejabeei.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide