Hartu euskararen bandera

Enekoitz Esnaola (kazetaria) 2008ko api. 10a, 17:04

Azpeitiko Udalak lehengo larunbatean, udalbatzarrean, Ueman (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) sartzea erabaki zuela probestuz:

Beste aurrerapauso bat

Ueman sartuta, Azpeitiko Udalak beste pauso handi bat eman du euskararen alde. Izan ere, hauek dira Uemaren helburu orokorrak:

1. Udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua euskaraz izan dadin bideak urratzea.

2. Udalerri euskaldun guztiek bat eginik, euskara nagusi izango den lur-gunea osatzea.

3. Udalerri euskaldunen garapen sozio-ekonomikoa eta soziokulturala bultzatzea.

Gure hizkuntzaren alorrean aurrerapauso oro da ondo hartu beharrekoa. Nabarmena da hori esatea, baina esan beharrekoa. Euskararik gabe ez dago Azpeitiarik, ez Euskal Herririk.

Herri mugimendua, aurretik

Azpeitia Uemakide dela-eta, zorionak herriko Euskal Herrian Euskarazi (EHE), Uemari buruzkoa izan delako bere aldarrikapen historikoetako bat.

Udalerri Euskaldunen Mugimendua 1988an sortu zen, EHEren ekimenari erantzunik. Hari gorputza eta izaera juridikoa eman ondoren, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 1991n sortu zuten. Harrezkero Azpeitiko EHEk beti esan izan du gure herriak baldintza denak betetzen dituela Uemako kide izateko. Kasik utopiatzat jotzen zen lehen Azpeitia Ueman sartzea. Pausoak emanda, ordea, bidea egin egiten da. Ikusi da.

Berriz ere frogatu da herri mugimendua instituzioen aurretik doala; euskararen arloan, esaterako.

Aitortu beharrekoa da, era berean, 1999ko udal hauteskundeetan Euskal Herritarrok-ek, 2003koetan Habeak eta 2007koetan EAE-ANVk euren programeten sartu zutela Azpeitia Uemako kide bihurtzeko proposamena.

EAJren erabakia

Mallabiako alkatea ere izan zen larunbatean udaletxean —beraiek hilaren 17an dira Ueman sartzekoak—, eta “txundituta” geratu zen erabakiaren EAJk kontra bozkatu zuelako. Eudel (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa) udalen elkarteak euskararen sarea eratua duela zioen EAJk zapatuan, Eusko Jaurlaritzak (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa) ere badituela euskara planak, “eta horiek bultzatzen jarraitu behar dugu, ez dugu beste erakunde paralelorik jarraitu edo sortu behar. Administrazioak administrazioaren bideak jarraitu behar ditu”.

Euskararen arloan ez baditugu, ordea, Euskal Herriak –euskararen herriak— pairatzen duen zatiketa administratiboa gainditu behar... Euskara ez da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren patrimonioa bakarrik, eta beste lurraldeek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren laguntza ezinbestekoa dute, azken hauetan egoera hobea delako (baliabideak, legedia...). Gainera, euskarak erakunde propioak behar ditu, burujabeak, Eudel bezalako instituzioko adarretako bat izatera mugatu gabe.

EAJk alkatetza daukan herri batzuk Ueman sartuta daude —Urola Kostan, adibidez, Orio eta Getaria—. EAJk, Eudel egon arren, sortu izan du erakunde ‘paralelorik’ —Udalbiltza, esaterako; Julian Eizmendi Azpeitiko EAJko zinegotzia bera da Udalbiltza-Udalbideko lehendakaria—. Ondorioz, larunbateko bere erabakia dela-eta zaila da ulertzea zein den EAJren irizpidea nazio eraikuntzara begira.

Aurrera begiratu

Zalantzarik gabe, Uemaren kasuan EAJk ere alde bozkatzea zatekeen onena, erabakiak Azpeitian berme politiko eta instituzional handiagoa izateko. Hala ere, aurrera begiratu beharra dago, eta garrantzitsuenetakoa: bermeak soziala izan behar du.

Udala euskararen alde egiten ari den bidea ez zen zapatuan hasi. Asko kostatu arren, azkeneko urteetan Udalak pauso garrantzitsuak eman ditu (ikusi ibilbidea): Udal Euskara Patronatoaren sorrera eta lehen euskara teknikariaren kontratazioa (1998), EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia abian (2001), Udal Euskara Batzordearen sorrera (2003), EBPN eta Bai Euskarari uztartzeko akordioa Kontseiluarekin (2004-2005, eta 2008), euskara ordenantzaren onarpena (2005) eta, orain, Ueman sartzeko erabakia (2008). Horretaz gain, Udalak 2008ko Euskara Kudeaketa Plana onartu berri du, baita 2011 arteko Euskararen Plan Estrategikoa ere.

Baldintzarik onenetakoak betetzen ditu Azpeitiak euskararen bandera hartzeko, euskararen herri bihurtzeko, erreferentea: herritarren %87 euskaldunak gara —euskaraz dakigunak—, euskararen erabilera %83koa da, Udalak lehen aipatutako neurri funtsezkoak hartu ditu azkeneko urteetan, euskarazko herri komunikabideak sortu eta ugaritu egin dira azkenaldian —Uztarria herri aldizkaria, uztarria.com webgunea, Urola Kostako Hitza egunkaria, Erlo Telebista—...

Handia da oinarria; aurrera begiratzeko beti.

Ardatzak

Azpeitiak euskararen bandera hartzeko eta gurea euskararen herri bihurtzeko, hona hemen lau ardatz:

Udalak hartutako erabakiak gauzatu. Jokabide irekia izanda, herriko beste eragileekin batera lan eginda, eta baliabideak jarrita.

Ueman lidergo papera Udalak. Azpeitia da Uemako herririk handienetakoa eta, nolabait, lidergo papera hartzea ere badagokio.
- Beste herri handi batzuk erakartzeko bertara.
- Uematik bertatik eta honek euskalgintzako beste eragileekin lankidetzan, modu iraunkor eta eraginkorrean, Euskal Herri osorako euskararen ofizialtasuna eskatzeko, esparru juridiko-politiko berrian euskara ezagutzeko betebeharra arautua izan dadin lan egiteko, eta aginte judizial propioa aldarrikatzeko eta hor Euskararen epailea edukitzeko —hizkuntz eskubideak urratzen badira, horiek zigortu egin beharko dira, ezta?—...

Euskara elkartea Azpeitian. Herrian euskalgintza impasse egoeran dago, Uztarriak duela hilabete kultur koordinakunde izateari utzi zionetik ez baitago euskara elkarterik. Hori berriro izateko lan egin behar da, pixkanaka baina etenik gabe. Euskaltzaleei dagokie. Bada zereginik: hizkuntz eskubideak, kontzientziazioa, normalizazioan lan egin eta eragin, aisialdia, herriko hizkera ikertu... Alor horretan 2001ean Baite Euskara Elkartea sortu zenetik makina bat aurrerapauso eman dira herrian eta, hortaz, bistan da tresna eraginkorra dela. Eta berme soziala.

Etorkizuneko egitura erreferentzialak. 2010ean 700 urte beteko ditu Azpeitiak, eta hainbat ospakizun egingo dira herrian. Atzera asko begiratuko da hain segur —halakoetan gertatu ohi denez—, baina aurrera? Euskararen bandera hartzeko, euskararen nazio egiturak eta zerbitzuak sor daitezke Azpeitian. Datu bat: 1922tik 1932ra Loiolan Euskal Akademia egon zen.