Egan 82-87 revisited

Juan Luis Zabala ('Berria.info') 2008ko ots. 6a, 17:02

Euskadi Irratiko Faktoria saioan Xabier Saldiasi egindako elkarrizketa entzun berri dut. Jende askok deitu du irratira, denek oroitzapen onak berritzeko eta Egan taldeari esker ona agertzeko.

Ez du inork esan, baina duela 20 edo 25 urte inguru Eganek izan zituen aurkariak eta etsaiak ere.

Zergatik? Garai hartan udaletxeek eta kultur elkarte ofizialek berbenak baino ez zituzten antolatzen gazteentzat, eta beste era bateko musika egiten zuten taldeei (pop, rock, punk, folk…) bizkarra ematen zieten sistematikoki. Egan taldea ez zen horren errudun zuzena, baina bai injustizia horren sinbolorik argiena, Egan baitzen berbena talde guztien arteko izar nagusia.

Horregatik Eganen aurkako jarrerak eta jokabideak. Eta horregatik Eganek han-hemenka inoiz izan zituen eraso eta sabotaje ahalegintxoak. Gorrotatzen genuenaren sinbolo bizia zen Egan, eta Eganen aurkako ikuspegi hori islatu nuen Galdu arte nobelan (Susa, 1996).

Felix Ibargutxi kazetariak duela zortzi urte El Diario Vasco egunkarirako egin zidan elkarrizketa batean ere hitz egin nuen horretaz. Biharamunean, gutun anonimoa jaso nuen etxeko postontzian: barruan, paper zuri bat kaka arrastoekin. Eganen zale amorraturen batek bidalirik izango zidan, noski.

Gaur Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, oso sinpatiko eta atsegin egon da Saldias, eta ezinegon txiki bat sentiarazi dit nik Egani egindako kritiken oroitzapenak.

Ez naiz Egani buruz esan eta idatzi ditudanez damu, baina uste dut Egani egiten diodan kritikaren inguruan gaizki-ulertu batzuk sortu izan direla. Nireak ez dira, berez eta jatorriz bederen, Saldiasi ad hominem –edo Egani ad grupum– egindako kritikak, duela 20 edo 25 urte inguru puri-purian zegoen eta guztiz nabarmena zen injustizia sozial baten ingurukoak baino.

Denborak ertz latz asko leuntzen du. Oraingo ikuspegitik begiratuta, ez ditut Saldias, Egan eta Eganzaleak orduan bezain urrun eta etsai sentitzen. Espero dut duela zortzi urte nire etxera gutun anonimo hura bidali zuenak ere ez nauela orduan bezain urrun eta etsai sentituko.

Bestela, berarentzat kalte.

---

Oharra. Juan Luis Zabalak berria.info daukan blogetik hartutako iritzia da goikoa.