Saihesbidearen Landetako zatia egiteko lurra utzi dio Udalak Aldundiari

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraren lagapena onartu egin du

Errepide zati horrek 1.000 metro izango ditu eta egitekoa den GI-631 errepidearen saihesbidearen lehen fasearen zatia izango da

Azpeitiko Udalak Landetako eta Zapatariko biribilguneen artean saihesbidearen errepide zatia egiteko lurrak doan utziko dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Udalak 2007ko maiatzaren 17ko udalbatzarrean hartu zuen lurrak uzteko erabakia. Orain, berriz, Bide Azpiegituretako diputatuak eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, biek batera proposatuta, Foru Aldundiak onartu egin ditu lurrok. Azpeitiko Udalak utzitako lurrak Larre 31. eta Larrin 32. hirigintzako eremuetan daude.

Errepide zati horrek 1.000 metro izango ditu; egitekoa den GI-631 errepidearen saihesbidearen lehen fasearen zatia izango da. Aldundiaren esanetan, "bide zati horrek zirkulazio handia arinduko du eta Urrestillatik datozenek egungo saihesbidea hartzeko modua izango dute".

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide