Ama batek argibideak eman nahi ditu

Beatriz Etxabe Antero 2008ko urt. 4a, 10:01

Joan den maiatzean hiru adin txikiko inputatu zituzten Azpeitian ustez ikaskide bati sexu erasoa egiteagatik

Abenduaren 18an, Gipuzkoako Auzitegiak, auzia artxibatu egin zuen, salaketa "behar bezala justifikatua ez" zegoela argudiatuta

Ustez erasotua izan zen adin txikiko neskaren amak gutun hau idatzi du

Azpeitian sexu erasoak jasan dituen hamalau urteko neska zestoarraren ama naiz. Nire alaba hiru gelakidek behartu eta bortxatu egin zuten; eta, gainera, lapurtu ere egin zioten (taxiz etxera bueltatzeko zituen 20 euroak kendu zizkioten).

Komunikabideen bidez jakin dut, froga faltagatik, Adingabekoen Fiskaltzak kasua artxibatu egin duela. Hori onartzea besterik ez zait geratzen. Baina inoiz ez dut onartuko nola zabaldu duen prentsak albistea, nire alabari min gehiago emateko pentsatua zirudielako. Eta nik, erre gabe, eskua sutan jarriko nuke beragatik.

Ia koadrila guztiek daukate lokalen bat, trastelekuren bat edo beraien gauzetaz hitz egiteko biltzen diren lekuren bat. Adin horretan oraindik ez dira tabernetara sartzen eta ez dute egoteko beste lekurik. Nire alabak gelatik ezagutzen ditu mutiko horiek eta adin horretan normala den moduan, tonteatzen aritzen ziren elkarrekin. Horregatik, ez zen beldurtu eta ez zuen ezer txarrik pentsatu mutikoek lokalera sartzeko gonbitea egin ziotenean.

Baina nork pentsa dezake 14 urteko ume batek bere lehen harremanean hiru mutilekin batera egon nahi duela? Batak, garrasirik ez egiteko, ahoa tapatzen zion bitartean, bigarrenak arropa kendu zion hirugarrenak bortxatu zezan. Zoritxarrez, halaxe gertatu zen. Erabat minduta nago mutiko horien gurasoen jarrerarekin. Guztiok maite ditugu geure seme-alabak, eta geure eginbeharra da haiek maitatu eta babestea. Baina zigortu egiten ditugu kristal bat hausten dutenean. Gertatutakoa latza izan da, jende askori egin diote min, baita, guraso bezala, zeuei ere. Zuek nik bezain ongi dakizue zer gertatu zen, baina zuen semeen eta zeuen izenak garbitu nahi dituzue. Baina ikaskidea bortxatu izanaren zama beti eramango dute berengan, horretaz ez da inor berehalakoan ahaztuko, ezta zeuek ere.

Normala ikusten ez dudan guraso horien jarrera horrez gain, eskolako zuzendaritza eta irakasleen jarrerak ere erabat hutsegin dit. Ez dute erasotua babesten jakin, berdin jokatzen jarraitu dute mutikoekin eta haien gurasoekin, eta hori ez zait justua iruditzen. Egun haietan salaketarik ez jartzeko deiak jaso nituen, baina salatu egin genuen. Gaur, ez dakit zer egingo nukeen, benetan diot, erabat desengainatu nau justiziak funtzionatzeko duen moduak. Eta neuk bakarrik dakit gure etxean pasatzen ari garena. Zalantzak eta txutxumutxuak lehenengo zein familiatakoa zaren begiratzen dutenentzat uzten ditut. Egiari baino zer esango dutenari gehiago begiratzen diotenentzat.

Fiskalak esan zidan, berak kontrakoa sinesten zuen arren, kasua artxibatu egingo zuela frogak falta zirelako. Frogak neuk eduki ditut, inork ikusi nahi izan ez dituen nire alabaren kolpe eta ubeldurak eta izaten dituen gau txarrak. Zazpi hilabete pasatu dira dagoeneko, eta berak eta nik tratamendu psikologikoan jarraitzen dugu, baina hori ere ez du auzitegiko medikuak ikusten.

Amorrua eta inpotentzia denborak sendatzen dituela esan ohi da. Eta iritsiko da lasai egon eta bakean lo egingo dugun eguna. Beste batzuk, ordea, egin dutena ahaztu ezinda geldituko dira.

Eskerrak eman nahi dizkiot Zestoako herriari eta baita gurekin daudela erakutsi didaten guztiei ere.

Beatriz Etxabe Antero. Zestoa