Laguntzen hobeto ikasteko

Etxean gaixoak dituzten familientzako gaur, astelehena, hasiko dira ikastaroak Sindikatu Zaharrean

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Sendian egitasmoaren baitako jardunaldiak dira

Gaur (azaroak 26, astelehena) abian jarriko dituzte etxean gaixoak dituzten familientzako ikastaroak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Politika Sozialerako departamentuak martxan jarritako Sendian egitasmoaren baitako jardunaldiak dira eta Sindikatu Zaharrean eskainiko dituzte.

Ikastaro hauen helburua etxean gaixoak dituzten familiei laguntza eta formazio saioak eskaintzea da. Saio horiekin, familiek zaintza berme hobeagoekin egin dezaten lortu nahi dute. Formazioek alderdi medikoak, psikologikoak, legalak, sozialak eta laguntza teknikoak bezalako gaiak landuko dituzte, eta alderdi horietan adituak direnek eskainiko dituzte.

Formazio saioetan laguntza taldeak ere bultzatzen ditu Sendian programak. Laguntza talde horien bidez, egoera berdinean aurkitzen diren familien arteko harremanak sendotu nahi izaten dituzte, elkarri bizipenak kontatu eta entzuteko.

Saioek gaur, azaroak 26, 27, 28, 29 eta 30era arte iraungo dute. 15:00retan hasi eta 17:00etan bukatuko dira egun guztietan. Ikastaroa doan izango da eta interesatuek Udaleko Gizarte Zerbitzuetako bulegoan eman beharko dute izena.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide