Segik "independentziaren alde antolatzeko eta borrokatzeko" dei egin du

LABen eskualdeko ordezkariak, atzo, Azpeitian.

Larunbat honetan Guk Euskal Nazioa. Independentzia! manifestazioa egingo dute Azpeitian, EAE-ANVk deituta

"Etorkizunak izen bakarra du: independentzia!", dio Segi gazte erakundeak

Azpeitian gaurko (zapatua) Guk Euskal Nazioa. Independentzia! lelopean manifestazioa antolatu du EAE-ANVk, eta bertan parte hartzeko dei egin du Segi gazte erakundeak, prentsa ohar baten bidez. 19:00etan hasiko da manifestazioa, plazan.

"Etorkizunak izen bakarra du: independentzia!", dio Segik. "Azkenaldi honetan etsaiak Euskal Herriaren aurka abiarazi duen bidea zein den oso argi ari gara ikusten, oso ondo dakigu estrategia honek zein helburu duen, independentziaren aldeko indarrekin amaitzea, independentziaren proiektua lurperatzea. Horregatik kolpatzen gaituzte, atxilotu, torturatu, espetxeratzen gaituzte!".

Gatazka gainditzeko "oinarria, lurralde zatiketa eta erabakitzeko eskubidearen korapiloa askatzea" dela dio Segik, eta azken hilabeteetako negoziazioaren "porrota", "PSOE eta PNV-NaBairi" egoztien die. "Inoiz baino elkartuago daude haiek, zatiketan oinarritutako iruzur berria hitzartuz".

Gazteria "horretarako prest ez" dagoela dio Segik, eta "independentziaren alde antolatzeko eta borrokatzen jarraitzeko" dei egin du.

EAE-ANVren manifestuarekin bat eginez, hainbat mobilizazio egin zen atzo (ostirala) eskualdeko herrietan. Azpeitian, esaterako, lantokietan batzarrak egin zituzten eta, ondoren, delegatuek argazkia atera zuten Frontoi Txikian); gero, LABeko eskualdeko delegatuek elkarretaratzea egin zuten Landetako biribilgunean. Ikasleak, berriz, Sanjuandegirako biribilgunean bildu ziren, horiek ere EAEren manifestuarekin bat eginez.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide