Bai abiadura txikiko trenari

Luis Juaristi 2007ko mai. 28a, 19:05

Gero eta ziurtasun gehiagorekin uste dut Urolako trena berreskuratu beharko genukeela erabailgarria izango zaigulako

Nazkatuta nago nola nire Euskadi autopista bihurtzen ari den. Arbolak kentzen ditugu errepidea jartzeko. Hemen dena lan handiak egitera mugatzen da, lan nagusia denaren kaltetan, Naturaren kaltetan. Espazioaren nagusia errepidea da, eta ondorioz kotxea. Kaleak, plazak, haranak, mendiak, dena kotxearentzat, eta onartu egiten dugu aurrerapenaren izenean. Orain aurrerapenaren beraren izenean abiadura handiko trena saldu nahi digute, eta nire galdera da zergatik egin behar ditugu beti lan faraonikoak? Azalduko naiz. Ni Urola bailarakoa naiz, eta bertako bezala oso gogoan dut izen bereko trena, Urolako trena, penintsulako lehenengo tren elektrikoa, orain museoan aparkatuta dagoena. "Abiadura txikiko" tren hau duela urte batzuk harana lotzen zuen ibilgailua zen, baina "progresoa" etorri zen eta zaharkituta utzi zuen; guk sinistu egin genuen eta langabezira joan zen trena. Urte batzuetara, eta gero eta ziurtasun gehiagorekin uste dut Urolako trena berreskuratu beharko genukeela erabailgarria izango zaigulako. Adibidez, haranean badira burdindegi batzuk Pasaiko portutik datorren burdinarekin lan egiten dutenak. Burdina horren garraio osoa errepide bidez egiten da. Badira egunak Azpeititik bakarrik 600 kamioi irteten direnak. Garraio hori dena, edo zati bat, tren bidez egin daiteke, gauez, 30km/h (ez 300km/o) eta inor molestatu gabe. Egunez burdinbideak pertsonen atzera aurrerako lagunduko luke, 60 km/o-ko (ez 300km/o) herri arteko metro bat bailitzan. Erraza eta praktikoa. Noski, beti izango dira burdinbideak ez daudela dagoeneko, porturako irteerak egokitu beharko direla, estazioak ere berritu... esango dutenak. Bai hala da, baina uste dut egokitzapen hauek txikikeriak direla edonon egiten ari direnekin: autopistak zabaltzen, abiadura handiko trena, biaduktoak, tunelak, superportuak... Mesedez, hartu dezagun momentu bat pentsatzeko eta duguna aztertzeko. Ziurtasun osoa dut "abiadura txikiko tren" sare hau ez bagenuke izango sortzekotan izango ginatekeela.