Mahai ingururik ez azkenean

Iñaki Errazkin (EAE-ANVko hautagaia Azpeitiko Udalerako) 2007ko mai. 25a, 16:05

Joan den maiatzaren 16an prentsaurreko baten bitartez mahai inguru bat egiteko proposamena luzatu genien gainontzeko hautagaiei,batik bat herri honetako alderdi nagusienei.

Guretzako EAJ-PNV eta EAko alkategaiekin eztabaida publiko bat burutzea interesgarria izango litzateke Azpeitiko herritarrentzako.Horretarako aukera posible bat ere jarri genuen mahai gainean, hain zuzen Kaito telebistaren bitartez saio bat egitea herritar guztiek ikusteko aukera izan zezaten. Gure aldetik guztiei deialdi eta gonbidapen publikoa egitea zen helburua. Ondoren arauak adostu eta eztabaida burutu.
Gaur bukatzen da hauteskunde kanpaina. Asteazkenean bertan Julian Eizmendi EAJ-PNVko alkategaiak eman zidan erantzuna. Ez omen zaio serioa iruditzen prentsa bidez egitea gonbidapena. Lagun baten bitartez jakin zuela honen berri astelehenean edo.
Nik neuk astelehenean bertan ezagutu nuen gonbidapenaren aurrean edukitzen ari zen jarrera. Gonbidapen formala behar bazuen izango zuela, eta astelehenean bertan hasi nintzaion telefonoz deika. Ez zidan erantzun. Asteazkena arte, azkenean harrapatu nuen. Galdegin nion mahai inguruaz eta erantzuna jakinekoa, ez dela serioa horrela egitea,berandu dela… Baina prest hago bai ala ez? Galdegin nion. Oraindik garaiz geunden. Berriz ere erantzun berdinak. Orduan zer, ezezkoa? Galdegin nion berriro. Bai, ezetz berak azkenean.

Horrelaxe ibili gara ba, gu mahai ingurua egin nahiean baina erantzun positiborik jaso gabe. Pena da nire ustez, horrelako eztabaidak, herri mailakoak, zuzenean, herritarrek ikusteko moduan ez egitea. EITBko eztabaidetan (denon diruaz ordaintzen dugun komunikabide horretan) EAE-ANVko hautagaiei ez diete utzi eztabaidetan parte hartzen. Baina eztabaidak burutu, burutu dira, gu gabe ordea, noski. Herrian berriz, hautagai guztiok parte hartzeko aukera dugunean ez da egiten. Ez da nahi izan egiterik. Hainbesteko arazoa suposatzen al zaie EAJ-PNVkoei gurekin publikoki eta zuzenean eztabaidatzea? Lau urtetako apartheidera gehiegitxo ohitu ote dira ba?

Pena izan da bai. Espero dut datozen lau urteotan horrelako ekimenei bide gehiago ematea. Gure aldetik behintzat ez da oztoporik izango. Herritarrek hainbeste merezi dutela uste dugu.

Amaitzeko, eskerrik beroenak hauteskunde hauetan eraso eta ilegalizazioen aurrean, ezkertiar eta abertzaleen proiektua Udal eta Batzar Nagusietan egon dadin lan egin duzuen guztioi. Legal edo ez legal, igandean EAE-ANVk jasoko dituen bozka guztiak izango dira baliagarri. Batzuei min egingo badie ere.