Gezurtiak ez dio beste inori sinesten...

Ane Bastarrika (Azpeitiko Euskal Herrian Euskarazen izenean) 2007ko mar. 18a, 00:03
Gure aldarrikapenak kontutan hartu arte jarraituko dugu salaketekin, hauteskundeak izan ala ez izan.

Ana Mendizabal Udaleko Euskara eta Hezkuntza batzordeburuari erantzunez:

"Gezurtiak ez dio beste inori sinesten, besteak bera bezalakoak direla uste baitu", azkenaldian erabiltzen dituzun esamoldeak direla eta, to hor zuretzako beste bat.

Bai, gezurrak beti du hanka motza, hortan ados gaude. Baina guk ez dugu gezurrik esan, ez dugu esan Udal-euskaltegiak Azkoitian lanik ez zuenik egiten, esan genuen bakarra, AEK-k eskaini zuen zerbitzu zehatz bat ez zenutela eskaintzen da, kasu honetan, Azkoitian ordutegi zehatz batean eskaintzen zen zerbitzua. Badakigu ikasle horietako hainbat aurreko urtean Udal-euskaltegiko ikasle izan zirela, kontua da, ordea, aurtengo ikasturtean AEK-k eskaintzen zien zerbitzua egokiago zetorkiela eta bertan eman zutela izena, zuek hori jakindakoan zerbitzu berdina eskainiz beraiei deitu zenieten arte. Honekin ez gara gehiago luzatuko, benetan izan beharreko eztabaida ekiditea baita zuen helburua.

Prentsaurrekoan argi utzi genuen gisa, gure helburua euskalduntzea da, euskaltegi batean zein bestean. Beraz, gure helburua ez da Udal-euskaltegia kakaztea. Arazo hori zuek duzue, euskalduntzea ere zuen eskuetan bakarrik egon dadin beste euskaltegiei diru laguntza gutxiago ematen baitizkiezue. Horri deitzen diogu guk konpetentzia desleiala, herritarren dirua zuen interesen arabera bakarrik erabiltzeari. Prentsaurrekoaren bidez EAJren hizkuntz politika eta herri mugimenduarekiko duzuen jarerra salatu genituen. Horri buruz ez duzu ezer erantzun, ados ote?

"Lagun urkoaren aurkako gezurrak zabalduz «euskararen alde» lanean ari dela sinesten duenak mesede kaskarra egiten diola gure herriari" diozu. Ez al da susmagarria zuek izatea ongi egiten ari zareten bakarrak, eta herri mugimenduko beste eragile guztiak oker?

Bestalde, ez da harriagarria, hauteskundeetarako bi hilabete besterik geratzen ez direnean, zuek beste buruko minik ez izatea, baina ez ahaztu gu ez goazela inongo alderdi politikoren eskutik, eta hauteskundeetara begira ez dugula gezurrik esan beharrik. Badugu beste zereginik, zuk ahaztua duzula ematen duen KORRIKA antolatzea, esaterako. Zein une egokiago, AEK-k eta EHEk egin genuen salaketa egiteko?

Hauteskundeak gainean direla eta, behingoz, benetan konpromisoak hartzeko eta herritarren eskaerak kontuan izateko garaia dela uste dugu. Beraz, izan ziur hauteskundeen aurretik gure berri izango duzula. Gure aldarrikapenak kontutan hartu arte jarraituko baitugu, hauteskundeak izan ala ez izan.