Kontu berberarekin beste behin

Ana Mendizabal (Azpeitiko Udalaren Euskara eta Hezkuntza batzordeburua) 2007ko mar. 6a, 19:03

Ana Mendizabalek Uztarria Kultur Koordinakundeak idatziriko EBPNren Kudeaketa Planari ezetz esateko zazpi arrazoi iritziari erantzun nahi izan dio

Errementariaren mailua bezala, berriro ere, kontu berberarekin azaldu da jendaurrera Uztarria Kultur Koordinakundea: Azpeitiko Udalak, aurten ere, ez duela Bai Euskarari Ziurtagiriarentzat “xentimo bakar bat ere”.

1- Azpeitiko Udalak lehen ere esana du eta, berriro ere, hemen eta orain, esango dugu: ziurtagiria emateagatik dirua kobratzea ez zaigu bidezkoa iruditzen, alegia, euskararen alde ahaleginean dabilenari dirua eskatzea eta ordainaraztea ez zaigu ongi iruditzen, eta hori egiten du Bai Euskarari Ziurtagiriak.

2- Azpeitiko Udalak Euskara Patronatuaren bitartez doako laguntza ematen die euskararen alde ahaleginean ari diren herriko erakunde guzti-guztiei, baita Bai Euskarari Ziurtagiria dutenei ere.

3- Uztarria Kultur Koordinakundeak euskara bultzatzeko beste biderik ez balego bezala aurkezten du Bai Euskarari Ziurtagiria azpeitiarren aurrean. Eta, hori, ez dator bat errealitatearekin: Bai Euskarari Ziurtagiriaren kudeaketa daraman Kontseiluak udalek euskara bultzatzeko egiten dutenari buruzko azterketa bat egin du Euskal Herri osoko 66 udalik handienetan eta Azpeitiko Udalak lortu du denen artean puntu gehien. Beraz, emaitzarik onenak Azpeitiko Udalaren hizkuntza politikak lortu ditu.

4- Uztarria Kultur Koordinakundeak azpeitiarren aurrean Azpeitiko Udalaren hizkuntza politika susmopean jarri nahi du “martxan diren proiektuei buruzko informazio handirik ez” duela esanda. Uztarria Kultur Koordinadorak Azpeitiko EBPNri buruzko informazio eta txosten guztiak dauzka. Gainera, Aholku Batzordean behar adina argibide eskatu eta jasotzen ditu.

Azpeitiko Udalak orain arte euskara bultzatzeko abian jarri dituen ekimen guztien informazioa interneten ere aurki daiteke. Informazio guztia eta txosten guztiak Euskara Patronatuaren webgunean daude edozein herritarren eskura.

5- EBPNren Udal Aholku Batzordeko beste kide guztiek bezalaxe, Uztarria Kultur Koordinakudeak ere izan du aukera eta denbora 2007ko Kudeaketa Planerako proposamenak aurkezteko. Gainera, esan beharra dago orain lau urte Aholku Batzordea sortu zenetik aurkeztu dituen proposamen guztiak onartu zaizkiola Uztarria Kultur Koordinakundeari, Bai Euskarari Ziurtagiriarena izan ezik. 2007ko Kudeaketa Planerako Uztarriak eta Aholku Batzordeko gainontzeko kide guztiek aurkeztu dituzten proposamen guztiak onartu egin dira.

6- Uztarria Kultur Koordinakudeak (beste behin) ezetz esan dio Azpeitiko Udalaren 2007ko Kudeaketa Planari azken lau urteotako kudeaketa plan guztiei ezezkoa esan dien bezalaxe, beti gorabehera berbera tarteko: Bai Euskarai Ziurtagiria.

Uztarriak esandako guztia egiten ez duen bitartean, Azpeitiko Udalak beti ezezkoa jasoko du. Bai Euskarari Ziurtagiria, ordea, ez da euskara sustatzeko bide bakarra, Uztarriak hala uste duen arren.