Udal agintariak eta Ertzaintza, zeren beldur?

Urritz Iruretagoiena eta Julen Santesteban (Azpeitiko Gazte Asanbladako kideak) 2007ko mar. 6a, 12:03

Joan den ostiralean (Martxoak 2), Azpeitiko Gazte Asanblada-ko kide garen lau gazte pankarta bat jartzen ari ginen Azpeitian. Ustekabean, Ertzaintzaren bi auto parean gelditu eta gugana hurbildu ziren poliziak. Gazteleraz mintzatuz eta inongo azalpenik eman gabe identifikatzera behartu gintuzten modu intimidatzailean.

Eraso hau, gazte ekimen antolatuekiko gure herriko jauntxoek duten beldurraren ondorio da guretzat. AzGA, duela urtebete eskasetik etxebizitza eskuragarritasunean ditugun oztopo larriei aurre eginez, martxan jarri zuen borroka aurrera eramaten ari da. Gazte manifestu bat adostu genuen, sinadura bilketa martxan da, okupazioa burutu eta udal agintariek gure eskariei entzungor egin eta polizia bidali zigun etxea indarrez hustera, bestelako erantzunik ez, borondaterik ere ez.

Hil honetan, Izarrako proiektuaren atzean dauden interes elektoral eta ekonomikoak salatu genituen.

Dirudienez, udal agintariek ez dute gustuko egiten ari garen lana, burutzen ari garen borroka antolatua.

Guzti honek gure lanaren eraginkortasuna baieztatzen du. Urduri jartzen ari ote dira? Noski baietz. Gure hitza isildu nahi dutela ikusteak, ordea, indarra ematen digu lanean jarraitzeko. Herriak jakingo du zertan ari garen, eta zertan ari zareten. Ez dugu etsiko gure eskubideak bermatu arte, jarrera errepresiboarekin jai duzue eta lehenago edo beranduago gurekin hitz egin beharko duzue.

Gazteok antolatuta borrokatu behar ditugu geure eskubideak. Horretarako, etxebizitza eskubidearen inguruan egingo den batzarrerako deia luzatzen dizugu. Batzarra Martxoaren 14ean izango da, gaueko 9etan Gaztetxean.

Etxebizitza eskubidea delako, alokairu publikoa gazteontzat!

Bitartean, okupazioa da aukera bakarra!

2007ko Martxoaren 3an Urritz Iruretagoiena eta Julen Santesteban (Gazte Asanbladako kideak)