Zubiola Kooperatibak bikaintasunaren Urrezko Q jaso du

Azpeiti eta Azkoitiko alkateak, Euskaliteko lehendakari Xabier Alkorta, Industria sailburu Ana Agirre eta Zubiolako gerente Josean Uzi, atzoko ekitaldian.

Lantegi berriaren inaugurazioa eta kooperatibaren 40. urteurrena ere ospatu dituzte

Ospakizun hirukoitza izan zen atzo (asteazkena), Zubiola Kooperatibako lantegian. Izan ere, batetik, Europako Kudeaketa Kalitatearen dominarik gorenena, Urrezko Q, jaso zuen Zubiolak, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Ana Agirreren eskutik. Azpeitiko alkate Julian Eizmendi, Azkoitiko alkate Asier Aranbarri eta Euskaliteko lehendakari Xabier Alkorta ere ekitaldian izan ziren.

Horretaz gain, Azkoitiko lantegi berriaren inaugurazioa ospatzeko aprobetxatu zuen atzoko ekitaldia Zubiola Kooperatibak. "Bitarteko modernoenak jarri ditugu, gure bezeroenganako arreta hobetzeko, ingurumenaren alde lana egiteko, eta bide batez gure enpresan lana egiten duten guztien asebetetzea burutzeko", aipatu zuen Josean Uzinek, enpresako gerente.

Bide batez, Kooperatibaren sorreraren 40. urteurrena ere ospatu zuten atzo. Egur lanerako ebaketa erremintak egiten, altzariak fabrikatzen eta aroztegietara eta zerrategietara zuzendutako jardueran aritu da enpresa, 1966. urtetik. "Urteetan zehar egindako bidearen ondorioz, gaur gauden egoerara iritsi arte, egurrarekin, burdinazkoak ez diren metalekin eta material konposatuak mekanizatzeko ebaketa erremintak eginez" aritu direla aipatu zuen gerenteak.

Elkarlanari saria

Bikantasunaren Urrezko Q lortuta, Euskal Herriko "25en klubean" sartu da Zubiola Kooperatiba, Euskaliteko lehendakari Xabier Alkortaren esanetan. Erakunde honek "erakunde eta enpresa txikiek kudeaketan egiten duten apustua bereziki baloratzen" duela ere aipatu zuen Alkortak.

Sari hau Europako EFQM ereduari ematen zaio, eta Euskalitek banatzen du. Zubiola kooperatibak orain bi urte, 2004an, jaso zuen Zilarrezko Q eta iazko abenduan eskuratu zuen Urrezko Q. "Sari hau tarteko helmuga da guretzat; lanean jarraitzeko balio digu eta datorren urterako Europako Sarirako hautagaitza aurkezteko indarra ematen digu", adierazi zuen Uzinek. Gainera, eskerrak eman zizkien 40 urtetan "bidea egin duten eta proiektuaren partaide izan diren langile, hornitzaile eta bezero guztiei".

Zubiolako lehendakari Josu Labakak jaso zuen Urrezko Q, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburu Ana Agirreren eskutik. Kooperatibako langile guztiek ere banan-banan jaso zuten garaikurra.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide