Utikan Euskadi Sariak

Xabi Borda, Jose Luis Otamendi eta beste 27 idazle 2007ko ots. 16a, 15:02

Sinatzen dugunok uko egiten diogu Euskadi Sari hauetan parte hartzeari, hala lehiatzaile gisa nola epaimahaiko gisa.

Gure arrazoiak hauek dira:

-Baieztatu ahal izan dugu, urterik urte, gero eta ageriago, sarion helburua ez dela literatur kalitatearen gaineko ebazpen zintzoa ematea.

-Sarion helburua, funtsean, egungo aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat sortzea ez ote den hasiak gara sumatzen.

-Horretarako, antolamendu instituzionaletan behin eta berriz ageri den literatur aditu multzoaz eta zenbait erakunde gremialen dependentziaz baliatzen dira Euskadi Sariak.

-Zenbait teknikari, kritikari eta epai-mahaikok osatzen duten literatur sistema kudeatzen duen multzo horrek, irregulartasunak egin eta ontzat ematerainoko jokabidea erakutsi du, pertsonari dagokion diskrezionalitatetik harantzago joanez.

-Ondorioz, Euskadi Sariek literaturaren kontzeptu murritz bat hedatzen dute iritzi publikoan eta irakurlegoan.

-Jardun intelektual libre eta kritiko, kultura anitz, garatu eta agintearekiko autonomo baten alde gaudenez eta Euskadi Sarien erabakiek, daukaten oihartzun mediatikoarengatik, zeharka bada ere gure lanaren kalitatearen gaineko balioespena zein gutxiespena ezartzen dutenez, argi utzi nahi diegu gure irakurleei ez dugula horrelako parametroetan neurtuak izan nahi.

-Euskadi Sarien oinarriek idazle guztien borondaterik gabeko parte hartzea dakartenez, agiri hau ezagutzera ematea erabaki dugu, guk ez dugula joko hori jokatuko aldarrikatzearren. Alegia, ez dugula nahi gure lanak Euskadi Sari hauetan erabil ditzaten.