Heldu Korrikari! Erdu batzordera

Ane Aranguren 2007ko ots. 12a, 10:02

Ane Aranguren. Azpeitiko Korrika Batzordearen izenean

Dakizuen bezala, aurtengoa Korrikaren urtea da, Euskal Herri osoan egiten den euskararen aldeko ekitaldi bakarraren urtea. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. Korrika 15 honen bidez, Nafarroako gau eskolak diruz lagundu nahi ditugu, baita bertan pairatzen duten diru laguntzaren etengabeko murrizketari aurre egin ere.

Duela 27 urte Korrika 1 hark egin zuen bezala, 15. honek ere 10 egunez, gau eta egun, Euskal Herri osoa zeharkatuko du; adin eta mota guztietako milaka pertsona bilduz.

Aurtengoan, bada, orain arte omendu ez ditugun arren, ahaztuta izan ez ditugun euskal emakumeak omenduko ditugu. Euskararen eta euskal kulturaren transmisio eta iraupenean, berreskurapenean eta etorkizunean izan eta izango duten paperak hau eta gehiago merezi baitu.

Azpeitian ere, Nafarroako gau eskolei babesa eman, euskararen aldeko kontzientzia suspertu eta euskara bizirik egotea ahalbidetu duten emakume euskaldunei gorazarre egin nahi diegu. Era honetan, Azpeitiko Mikelats AEKn talderik egon ez arren, (konpetentzia arrazoiak tarteko) eta agian horregatik, badugu lekukoa hartzeko arrazoirik. Azpeitiko AEKn talderik ez egoteak ez baitu, inondik inora, beharrik ez dagoela aditzera ematen. Asko da , oraindik, herrian euskararik jakiteke bizi den jendea.

Talderik ezetik eta aipatu herriko euskararen egoeratik abiatuz, baliteke norbaitek Azpeitian Korrikak zentzurik ba al duen galdetzea. Bada, bai, badu zentzua. Korrika urteetako lanaren oroigarri eta herrian euskarari diogun atxikimenduaren erakusgarri baitugu. Eta, ikuspegi estutik begiratuta Korrikan lortutako dirua urrun joango bada ere, nork ez du estimatzen Nafarroara edo Iparraldera joatean euskal hiztun bat? (Azpeitiarrok erdaraz moldatzeko dugun erraztasunarekin, batez ere). Horregatik, berez, Euskal Herri osoa 3-4 ordutan zeharkatu dezakegun honetan, eskertzekoa eta inoiz baino beharrezkoagoa da euskal lurralde guztietan euskara hedatzeko egiten den ekimen oro.

Hala ere, askotan bestela dirudien arren, korrika ez da 2 urtean behin gure herritik pasatzen den eta bertan korrika-saio bat egiten dugun ekitaldia bakarrik. Korrika herriz herri eraturiko batzordeek eta hauek antolaturiko kultur ekitaldiek ere osatzen dute. Horregatik guztiagatik, eta Korrika egun bateko euforian gera ez dadin aurretiko ekitaldiak antolatzen esku hartzeko eskatu nahi dizuegu.

Hilabete dugu martxoak 24 bitartean, Korrikaren hazia ereiteko. Ereile izatea eskeintzera eta eskatzera gatoz norbanako, ikastetxe, koadrila, talde eta abarrei. Zuen eskuhartzerik gabe uzta ez baita berdina izango.

Asteartero bezala, datorren asteartean ere, hilak 13an, ilusioa lagun 21:30ean Sindikatu Zaharrean bilduko gara. Bertan ikusiko garelakoan agurtzen zaituztegu. Ordurarte!

Heldu Korrikari!