Irudimenaren euskal errepublika

Pako Aristi 2006ko abe. 11a, 17:12

Berria egunkarian atzo, igandea, Aristiren iritzi hau argitaratu zuten

Nire artikulu hauek daukaten akatsik handiena horixe da, hain zuzen ere: euskararen alorrean lanik gehien egiten duen jendeak soilik irakurtzen dituela. Zaila da lekuren batean etetea sortzen den zirkulu itxia: hizkuntzarekiko sentimendu eta praxi eza salatzen dut, baina indiferentzia hori praktikatzen dutenek ez dute irakurtzen, eta, azkenean, hizkuntza eta herriarekiko maitasuna koherentzia batekin lotzen ditugunon baitan geratzen da hortik kanpokoak astintzeko balio behar lukeen mezua.

Euskaldunok geure gain hartzen ditugu bi lan handi: batetik geure hizkuntza menderatzea, moldatzea, berritzea eta modernizatzea gure sormenak orainari erantzun diezaion, eta bestetik hizkuntza horren usainik ere hartzen ez dutenei sudurrak irekitzea, erakargarria eta ederra dela konbentzituz. Bi zama dauzkagu: lana egitea eta lan horri gizartean lekua bilatzea. Hizkuntza normalizatuetako sortzaileek zama bakarra dute: lana egitea; gero izango du lan horrek bere agerpena, hobea edo kaskarragoa, arrakastatsuagoa edo frakasatuagoa, euren gizartean.

Bi zama horiekin bizitzea astuna da; niri behintzat astuna egiten zait. Teorian erakundeek bermatu behar lukete euskaraz egindako sormen lan guztien hedaketa eta zabalkundea gizartean, baina susmoa daukat ez dakitela zer egin euskararekin. Aldetxoak daude erakunde batzuetatik bestera. Ezin dute esan euskarak ez duela ezertarako balio, baina funtsean ezertarako balioko ez balu bezala funtzionatzen dute, eta haien imitazioz, edo komenientzia horren babesean, edo alferkeria ekitalditxo puntual batzuekin estaliz, biztanle gehientsuenek.

Hemen gertatu dena ez da normala, inondik inora: hogeita hamar urte inguru daramatza gobernuan alderdi abertzale batek, dena bere alde izan du, eta ez du lortu bere herri maitearen hizkuntza jatorrizkoa hedatzerik eta garatzerik. Hemendik kanpo hau esplikatzea zaila gertatzen zait, jendeak ez du ulertzen. Eta zailagoa da esplikatzea alderdi horrek zuzentzen duen administrazioan bertan, osasun erakundeetan, poliziaren baitan, euskara egunero erdeinatua eta iraindua dela, eta iraintzaile horiei ez zaiela espedienterik zabaltzen.

Honek eragin psikologiko handia du guregan, hizkuntza naturaltasunez maite eta erabili nahi dugunontzat. Ez dugu ulertzen zergatik printzipio orokorretan gure aldekoa den botereak ez gaituen ondo sentiarazten bere mendeko lurraldean. Nik bizitzeko modu interesgarri bakarra ezagutzen dut: bizitzea gauzak beste era batera egin litezkeela sinistuz; bizitzea bizitza beste era batekoa izan litekeela pentsatuz. Erne bizitzeko modua hori da niretzat; duintasunez bizitzea hori dela esango nuke.

Gure beharrekin bizi gara; gure desioekin bizi gara; haiek ezarritako maila da gure begiradaren maila, eta oso maila baxua da, belaunaren pare dagoen zerrikeria bat, apenas lurreko hautsetik aldentzen dena. Euskaldunok psikologikoki bizi behar dugu politikoek noizbait ekarriko diguten euskal errepublikan dagoeneko bizi bagina bezala. Horrek bakarrik salbatuko gaitu. Gure kulturak etorkizunera jaurtitako gezia izan beharko du, ez oraingo egoera motzean eta laburrean eskainitako gozokia. Orain gure lana itota dago, baina lan hori itotzen duen egoera sozio-politikoa mentalki gaindituz soilik lortuko dugu arnasa hartzea.

Euskaldunok bizi behar dugu Espainiatik eta Frantziatik kanpo bageunde bezala; dastatuko dugu kultura espainiarra, edo galiziarra, edo ingelesa, edo errusiarra, gustatzen bazaigu, baina konbentzitu egin beharko gaituzte, eta ez behartu, Donostiako Udalak, esate baterako, jai nagusietan pop espainola edota sasi-makarra nazioartekoagoak entzutera behartzen gaituen bezala.

Gauza asko dago egiteko, literatur sistema propio bat eraiki, ikus-entzunezkoen alor propioa garatu, gure musikaren aurkezpen eta kontzertu-guneak sustatu, euskarazko telebista berriak sortzen lagundu... baina horretarako sinistu egin behar da, erakundeek aurrekontuak ugarituz, publikoak sormen-lanak kontsumituz eta sortzaileek bizitza eskainiz euren lanari, mundu guztiko kultura handietan eskaini izan dioten bezala.

Kolonizatu mentalak izateari utzi behar diogu, euskaldun askeak izango baldin bagara.

---

Pako Aristik, artikulu horren aurretik, azkenaldian gai beraz beste bi idatzi ditu 'Berria'-n: Kultura meniere erara eta Erru kolektiboetatik gozamen pribatua