Erru kolektiboetatik gozamen pribatura

Pako Aristi (idazlea) 2006ko aza. 20a, 11:11

Pako Aristik euskarari eta euskal kulturari buruz iritzi artikulua idatzi du Berrian, aurreko batean idatzi zuen Kultura meniere erara artikuluari segida emanez

Arantxa Kaltzadak esan dit duela gutxi elkarrizketa batean: "Euskararen aldeko ekitaldien antolatzaileak minduta dauzkazu". Nik ez daukat ezer antolatzaileon aurka, ez eta irakasle, teknikari, korrikalari, festazale edo pikillo piperjaleen aurka ere.

Ez diot euskararen aldeko kanpainak txarrak direnik, baizik eta begiak hainbeste urtetan kanpaina horietan jarrita edukitzeagatik arazoaren sustraia zein den ahaztu egin zaigula. Euskarari "maite zaitut!" esaten gabiltza hamarkada askoan, baina eskua sartu ere egin beharko diogu ba! Larrua ere jo beharko diogu ba!.

Kanpainak, guztiak izan dira onak euskararen prestigioarentzat, kontzientzia piztu dute, baina ekimen kolektibo orok dauka antzezpen hutsean geratzeko arriskua, eta, arrazoi askorengatik, hortxe erori garela baieztatzea ez zait iruditzen mina eragitea denik, egia aitortzea baizik. Denborarekin ekitaldi horiek egitea bera bihurtu da helburu, ekitaldi horiek gauzatzea bihurtu da justifikazio bakar; arazo bat konpontzeko sortu ziren; orain arazoa ahazteko baliabide bilakatu dira. Ekitaldi ikusgarriak izaki, ondo txertatu dira ikuskizun erraldoien gizarte aberats honetan, baina tentu ibili: sustraiak usteltze bidean dauzkan arbolan hostoak edertzen baina ez gara ari. Senpereko lakuaren itxura hartu du euskararen metafora garaikideak: hor daukagu erdian, eder eta fresko, baina denok inguruan gabiltza bueltaka, inor gutxi murgiltzen delarik bertan serioski. Ez al zen "inmertsioa" teoria pedagogiko modernoaren aurkikuntza bat?

Euskaldun gehienek ez dute bizi euskara eta euskal kultura euren bizitza aberasten eta edertzen duen gauza bat bezala, ez dute egunaren bukaeran barruko poz bat sentitzen halako artikulua irakurri, halako poema bat deskubritu edo disko zoragarri bat entzun dutelako, bere buruari ere ez diote esaten "zein ona irrati programa hori!", "zenbat gustatu zaidan antzerki obra hau!", "liburu honetako zazpigarren ipuina gomendatu behar diot nik dakidan bati". Maila pertsonalean mirari txiki hauek gertatzen ez diren bitartean arazoa hazten joango da, deklarazio kolektiboen eta axolagabezia pribatuen arteko leizea zabaltzen.

Gaur egun, euskaldunek euskaragatik exijitzen zaien minimo hori betetzea baino ez dute egiten, euren lanpostuak hala eskatzen duelako, edo euren jarrera politikoak, edo gizartean agertzeko daukaten euren plataformak, dena delakoak. Eta askok minimo hori ere ez dute betetzen. Askok, gehienek, indiferentzia maximoarekin erantzuten diote euskarari, bere alde bota duten izerdi fisikoaren ondoren.

Aldaketa psikologikoa ere eskatzen du euskarari buruzko gure jarrerak. Euskal kultura nazio batek eskaintzen digun kultura interesgarria dela pentsatuz bizi behar dugu, egunero kilikatuko gaituen zerbait eskainiko diguna. Euskadi sariak Espainiako Sari Nazionalak idazlearentzat daukan garrantzia izan behar du: idazlea katapultatu behar du, gizartean hedatu haren presentzia, liburu saritua dozenaka hizkuntzetara itzularazi automatikoki, salmentak disparatu; horrek izan behar du gure erreferentzia munduan hurrengo urtera arte.

Politikariek euskara ikasi behar dute, publikoki erabili, diskurtsoetan euskal pentsalariak aipatu; Ibarretxek esan behar du zein den irakurri duen azken euskal liburua; irrati/telebistako esatariek birziklatu behar dute eta aspalditik existitzen ez den "batetan-batetako" esateari utzi; irakasleek irakurri eta gomendatu behar dituzte klasean liburu berriak, duela hogei urteko best-seller-txoak behingoz berrituz; idazleok elkarrizketetan gure kideak aipatu behar ditugu erreferentetzat, bestetzuen artean; telebistan agertu eta komentatu behar dira euskal gauzak gehiago, sormen berriak plazaratu... Sinistu egin behar dugu hori dena, eta horretarako indarra buruan dago, ez gorputzean.

Helburua ez da ehun mila lagun korrikan jartzea, baizik eta ehun mila lagunek (edo gehiagok) euskal zinea ikustea, Berria erostea, antzerkia ikustea, obrak urtebete iraun dezan karteldegian, kantaldietara joatea, gure kantariak laurogei lagunen aurrean jotzeko frustraziotik salbatuz.

Jendeak kontrako bidea egin behar du: kalean oihu egitetik bere baitan euskaraz egindako gauzak gozatzera pasa behar du.