'Hitza'-k ez dira baloratzen

Iban Arregi (Bertako hedabideetako arduraduna) 2006ko aza. 16a, 17:11

Arregik euskarazko hedabideentzat 2006an bideratutako diru kopuruak hizpide hartuta, Hitzei ez diela "gainerako komunikabideei ematen zaien tratu bera ematen" uste du

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko arduradunek ezetz esango dute, baina gaur egungo Hizkuntz Politika Sailak ez ditu 'Hitza'-k behar adina baloratzen. Gaur egun, Hitzei ez die gainontzeko komunikabideei ematen dien tratu bera ematen.

.1- Herri aldizkari gehienek %20tik %60ra bitarteko igoera izan dute aurtengo diru laguntzetan, kasu askotan aurreko urteetako jaitsiera konpentsatuz, eta guri hori oso ondo iruditzen zaigu, nahikoa ez iruditu arren. Baina Hitzekin ezta hori ere ez du egin Jaurlaritzak. Aurten Hitza batek gehienez %14ko igoera izan du, eta baten batek jaitsiera ere bai (tokiko egunkarien partida orokorrak igoera handiagoa izan du, % 20 ingurukoa, baina aurten beste Hitza bat atera da kalera, Busturialdekoa, eta hori ez da behar bezala kontuan hartzen Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzen ebazpenean). Hori horrela izanik, Hitza bakoitzak orain bi urte baino laguntza txikiagoa jasotzen du, iaz jaitsiera handia izan zutelako (-%45 inguru).

.2- Erdarazko komunikabideen euskarazko gehigarriek, proportzioan, Hitza bakoitzak eta herri aldizkari bakoitzak baino askoz diru gehiago jaso dute Jaurlaritzatik. Urtean askoz ere orrialde gutxiago, maiztasun txikiagoa, ustez egitura eta aurrekontu txikiagoa... eta hala eta guztiz ere diru gehiago (erdarazko egunkari batzuen gehigarriek, astean behin eta sei hilabetez soilik argitaratu diren arren, egunero eta urte osoan argitaratzen diren tokian tokiko Hitzek baino diru askoz gehiago jaso dute, eta bakarren batek hirukoitza ere bai).

Hizkuntz Politika Saileko arduradunek behin eta berriz leporatu izan digute guk "unilateralki" erabakitzen dugula Hitza bat sortzea, Jaurlaritzarekin ezertarako kontatu gabe. Hasteko, EKT-k eskualdeetako euskalgintzarekin erabakitzen du eskualde horretako Hitza sortzea, gogoeta sakon eta luzea egin eta gero; "unilateralki" ez, beraz. Eta, bigarrenik, EKT-k eman izan dio bere asmoen berri Kultura Sailari.

Bestelakoa da arazoa, ordea. Kontua da EKT eta Eusko Jaurlaritza ez daudela ados euskarazko prentsak egin behar duen bidearen inguruan. Jaurlaritzaren ustez, erdarazko komunikabideak euskarazko gehigarriak egitera bultzatzetik etorriko dira euskal irakurle berriak; EKTren ustez eta eskualdeetako euskalgintzaren ustez, euskalgintzan oinarritutako bertako proiektu lokal eta herritarrak askoz ere eraginkorragoak dira (EKT Hitzak ari da bultzatzen, baina hor daude hainbat eta hainbat herri aldizkari ere).

Arazoa hor egonik, eta euskalgintzak eta Administrazioak helburuetan eta planteamentuetan (estrategiak, lehentasunak, diru laguntza politika...) bat egiten ez duten bitartean, bidezkoa iruditzen zaigu Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntz Politika Sailak hainbat erabaki "unilateralki" hartzea, euskal prentsaren sektorearekin batere eztabaidatu gabe erabaki duelako kioskoa erdarazko medioen gehigarrien bidetik euskalduntzea. Baian guk ere eskubide osoa izango dugu Hitzen moduko herri proiektuak bultzatzeko, ezta? Eta behin proiektu horiek bultzatuta, Hitza bakoitzak ere eskubide osoa izango du diru laguntzetan gainontzekoen hazkunde bera izateko, ezta? Zergatik ez?

Gaur egun euskarazko prentsan pauso eraginkorrak ematen eta egunkari, enpresa eta lanpostu berriak sortzen ari den proiektu bakarrenetakoari, Hitzen proiektuari, gainontzekoei baino neurri txikiagoan ari zaio laguntzak handitzen Eusko Jaurlaritza. Gaizki pentsatzen jarrita, hori apropos hartutako erabakia dela uler daiteke; hori Hitzen hazkundea gelditzeko neurri bezala uler daiteke (Hitza berri bat sortzen bada, gainontzeko tokiko egunkarientzat laguntza txikiagoa, partida orokorra ez delako handitzen). Eta guk hori ez dugu onartzen. Jakina da: Eusko Jaurlaritzarekin sektorearen orainaz eta geroaz hitz egiteko prest gaude, eta estrategia bateratuetara heltzeko borondatea ere badugu. Baina bitartean, horretara heltzen ez garen artean, eta guk ere hizkuntz normalizazioa dugunez helburu, euskarazko herri-komunikabideak sustatzen jarraituko dugu. Horixe delako, azken batean, gure funtzio soziala. Horretarako gaudelako. Administrazioari dagokio berdintasuna eta justizia bermatzea.