Azpeitiko Udaleko Euskara Batzordeburuari

Ainara Betegi (Azpeitiko Euskal Herrian Euskarazeko kidea) 2006ko urr. 10a, 18:10

Ainara Betegik Ana Mendizabali erantzun dio

Azpeitiko EAJk ez omen dio euskararen ofizialtasunaren eta Osakidetzako euskara normalkuntzaren inguruko eztabaidari inongo beldurrik. Ez omen daki gauzak ondo egiten ari ote den, edo hobetzerik ba ote lukeen. Eta euskararen normalkuntzak aurrera egiteko, hor omen dugu batzorde zabal bat (zuek asmatua eta gobernatua) non gure iritziak eman ditzakegun.

Ez ez, gauzak ez dira horrela, nahiz eta zuk ezkutukoa ondo gorde eta apain-apain agertu nahi duzun zure alderdiaren egitasmoa. Ez ote da hori alderdikeria?

Euskalgintzaren lana, asmoak eta Erabakitze-Eskubideak zaborretara bota eta elkarlana diozue, zuek nahi duzuen bezalakoa hori ere ezta? Horixe da arazoa. EHEk beti agertu du elkarlanerako asmoa, baina ez du onartzen zuek esandakoari amen egin eta zuen egitasmo hori elikatzea. Noski, zuen erantzuna: EHEk ez du elkarlana bultzatzen.

Ez omen diozue eztabaidari beldurrik, ezta publikoki ere? Zergatik ez dira bada eztabaidatzen Udalbatzara eraman izan ditugun mozioak? Zergatik biltzen zarete gurekin Udal (alderdi) Ordezkari bezala? Zergatik EHEk Udalari eskatutakoa eta zuek erantzundakoa ez duzue herrian mila haizetara zabaltzen?

Aze gaitasuna duzuena autokritikarako! Hala ere, lan suntsitzailea gurea omen da, bitartean zuek hamaika kontu ezkutuan eta hamaika galdera erantzun gabe.

EHEgatik latzak esatea izan da oraingoan ere zuen erantzuna. Azaldu beharko diozue bada herriari Miren Azkaratek autokritika haundirik gabe esandakoa ezta? Osakidetzako bost langiletik bakarra izango da euskalduna, eta zuek ixilik?

Hala ere Ana, zure idatziarekin ezin erabateko desadostasuna adierazi: izan ere arrazoia duzu EHEk jarrera salatzailea duela diozunean. Beharko salatu! ardi larruz jantzitako otsoek ez duzue ez inoiz ehiztaririk gustuko izan.