Kultura 'meniere' erara

Pako Aristi 2006ko urr. 9a, 18:10

Berria egunkarian atzo, igandea, kaleratu zen Aristiren iritzi hau

Azken urteotan aldaketa nabarmen tristea eta kaskarra izan du euskararekiko sentimenduak, nolabait gizarteak berak izan duen bilakaerarekin lotua dagoena. Gizartea, noizbait, aldaketa eraginkorrak bultzatzeko kosmosa izan baldin bada, gaur egun gure bizipoz eta bizi-kezken eszenatoki bihurtu da, antzezpen eremu hutsa ikuskizun handien aroan, eta horrek kalte izugarria egin dio gure hizkuntzari. Antzeztokia toki hutsala izaten baita; kartoizkoak dira bere paretak eta etxeak, eta aktore apur batzuen antzezpenarekin gozatzen dute ikusle ugariek. Euskara gero eta aktore gutxiagoen obra bihurtu da, ikusleek, lasai, eserita eta esfortzurik gabe txalo jotzen duten bitartean.

Sentimendu kolektiboen esparrura baztertu dugu euskara. Norberaren isileko eginahalek eta merituek ez daukate inolako garrantzirik. Euskara eguneko menuaren osagarri bat gehiago da. Euskaldun izatea euskal gauzen eta kausen alde egotearekin lotzen da, eta horretarako menu bat antolatu digu euskal gizarte mobilizazio-zaleak. Hor dauzkagu egun bereziak, egun jendetsuak: ikastolen aldeko egun-pasa etilikoak, euskal selekzioen aldekoak, Durangoko azoka, euskararen eguna, euskararen aldeko maratoiak, 'Berria'-ren aldeko krosa, euskal jaiak baserritar jantzian, euskal curriculuma, unibertsitatea euskaratzearen aldeko manifak, eskola txikien egunak, EHNA kanpainak eta abar, eta abar, eta abar...

Gizartearen aurrean nortasun eta norabide sendoko kolektibo baten moduan agertzen gara euskaldunak, baina menu kolektibo hori gero ez dugu gure kezka pertsonalen menu pribatuan sartzen. Izan ere, benetan garrantzizkoak zaizkigun interesak beste batzuk dira. Indar kolektibo hori bakoitzak pertsonalizatzen ez duen bitartean, ez du inolako eragin seriorik izango. Antzezpena beti da antzezpen hutsa; eragina pertsona bakoitzaren lanak dauka. Euskara baliotsua eta miragarria dela aldarrikatzen duten aitorpen solemneen artean lotsaz eta gosez hil liteke euskara bere bizitzako oinarri eta lanbide bihurtu duen mohikanoa.

Horretan datza bizi dugun joera eskizoidea. Menu kolektiboan euskal selekzioak aldarrikatzen ditugu; menu pertsonalean Espainiaren kirol garaipenak arretaz jarraitzen ditugu, hala diote telebistetako datuek. Euskal jokalari bakar bati ere ez zaio burutik pasa Espainiako selekzioari EZ esatea. Zergatik? Ba ikusten duelako gutako inori ere ez zaiola bururatu EZ esatea Espainiako kirol eskaintzei.

Kepa Junkeraren kanpoko arrakastak liluratzen gaitu, eta Oskorriren kontzertuetara goaz tradizio bilakatu direlako gure herrietan; baina bitartean euskal kantari eta taldeak hilzorian daude, ekonomikoki diot, ez ditugulako haien CDak erosten. Euskarari ez dio ezertan laguntzen maratoia korritzeak bere alde. Ez dio laguntzen festetan txosnak jartzeak. Euskararen aldeko babarrun-janak ez du ezertarako balio, euskararen alde behintzat. Euskararen prestigioa hedatzeko balio dute, baina hizkuntza horretan produktuak eskaintzen dituztenak hilzorira jaurtitzen ditu.

Gure alarde kolektiboak bidea ireki behar dio bakoitzaren barruko lan isilari. Lau dira, funtsean, hizkuntza batekin egin daitezkeen gauzak: irakurri, hitz egin, idatzi eta hizkuntza horretako ekoizpenak erosi eta dastatu. Baina hizkuntza erabiltzen duten ekoizpenak, hala nola DVDak, diskoak, liburuak, telebista edo irrati-programak, panfletoak, egunkariak, nahi duzuena... Bakioko txakolina edanda ez diozue mesederik egingo hizkuntzari.

Baztertu behar dugu gastronomia, kirola eta parranda euskararen aldeko kanpainetatik; euskaraz ez hitz egin, ez idatzi, ez irakurri eta ezein ekoizpen inoiz ez erosteko aitzakia merkeak baino ez dira.

Zeintzuk dira benetan garrantzitsuak zaizkigun interesak? Senitartea, etxea, hipoteka, lana eta ondo pasatzea. Baina hor tartekatu da interes berri bat: luxua, hiperkapitalismoak gero eta eskurago jarri digun luxua. Oporretarako etxeak, kirol berri eta sofistikatuak, arropak, auto latzak eta nahi duzuen guztia.

Euskarak ba al du lekurik gure menu pertsonalean? Ez. Hutsune hori estaltzera al dator euskararen aldeko inflazio kolektiboa? Bai. Kolektiboki oihukatzen ditugun asmoak ez baditugu gure barruan txertatzen eta bizitzen, lotsagarri geratuko gara historiaren aurrean, euren buruari traizio egin zioten gizatxarren moduan.

Euskara baliotsua eta miragarria dela aldarrikatzen duten aitorpen solemneen artean lotsaz eta gosez hil liteke euskara bere bizitzako oinarri eta lanbide bihurtu duen mohikanoa.