Euskara eta alderdikeria politikoa

Mikel Arregi (Uztarriako kidea) 2006ko urr. 9a, 17:10

Arregik Ana Mendizabalek idatzitakoaren inguruan bere iritzia eman du

Ana Mendizabal Azpeitiko Udaleko Euskara zinegotziak EHEko Ioritz Aizpuru alderdikeriaz aritzeaz salatu du berriki. Zer, eta EAJren Hizkuntza Politika kritikatzeagatik. Ezin da, beraz, EAJren Hizkuntza Politika kritikatu. Hala eginez gero alderdikeria politikoan eroriko ginateke? Ba niri ere ez zait ba gehiegi gustatzen Euskal Autonomi Erkidegoan osakidetzako langile berrien %25ari bakarrik exijitzea euskaraz jakin beharra. Baina ez da idatzi honen asmoa EAJren Hizkuntza Politikaz jardutea, Mendizabalen iritzi artikuluaren izenburuaz baizik.

Kuriosoa da zeinek eta zuek, EAJkoek, euskara alderdikeri politikoetatik kanpo egon behar duela esatea. Hizkuntza Politika zehatz batetaz ari bagara, noski politikaz ari garela. Hori begibistakoa da. Baina alderdikerian erori, zein eta EHE? Mesedez....

Herri mugimenduak izan dira hizkuntzaren aldeko borroka alderdikerietatik kanpo mantendu izan dutena. Eta argi diot: EAJ izan da alderdikeria bultzatu duena, euskararen aldeko lanaren lemazain bezala agertu nahiarekin, ordura arte egindako lan guztia mespretxatuz. Euskararen aldeko mugimenduaren kontrola izan nahi du EAJk, eta hori da nire ustez alderdikeria politikoa.

Alderdikeria politikoa baita Egunkaria sortu zenean kontrolatzerik lortu ez zenutelako izan zenuten boikot jarrera. Alderdikeria Egunkaria itxi ondoren, eta Berria sortu aurretik egunkari "pluralago" baten aitzakian Kultura sailetik administrazio kontseiluan eragiteko egindako saioa. Ez ote alderdikeria Bai Euskarari Akordioa plan estrategiko gisa martxan zenean, hari bizkarra eman eta EBPN ezerezetik sortzea? Alderdikeria Hitza ezberdinekin EAJk dabilkien jokoa: hasieran dirulaguntzak ukatu, eta gero, kale presioak kalte politikoak badakartza, laguntzak eman. Ez al da alderdikeria Bai Euskarari Ziurtagiriaren lan bikaina gutxietsi eta batere lotsarik gabe beste Ziurtagiri bat sortzea? Bai, alderdikeria izango baita gaur egungo Hizkuntz Eskubideen Behatokia aintzakotzat hartu gabe, zuek kontrolatutako beste bat sortuko duzuenean.

Eta arriskutsua da hori, guztiz. Alderdiak egoera politikoaren baitan mugitzen direlako. Eta Sailburutzak ez direlako esklusiboak, orain arte Eusko Jaurlaritzakoak nahiko esklusiboak izan badira ere.