Urrakiko Igoeran Josu Ugarte autogidari leioaztarra hil zen

Uztarria 2006ko urr. 9a, 13:10
Josu Ugarte bere autoan, istripua izan aurretik.

Azken igoeran, bidetik irten eta zuhaitz bat jo zuen

Momentuan hil zen autogidaria

Atzo, Urrakiko Igoera jokatu zen eta azken igoeran Josu Ugarte leioaztarra bidetik irten eta bertan hil zen. "Istripua abiadura handiko zati batean izan da, autoak zuhaitz bat jo du eta zauri larriak izan ditu, eta autogidaria momentuan bertan hil da" azaldu du Lagun Artea Eskuderiak prentsaohar baten bidez.

Josu Ugarte azken igoerako azken kotxearen gidaria zen eta anbulantzia bat zuen atzetik, "anbulantzia bat istripua gertatu den lekutik 700 metrora zegoen eta segituan joan da istripuaren lekura". Ez zuten ezer egiterik izan, autogidaria hil zela bakarrik baieztatu ahal izan zuten.

Maikel Del Cid, lasterketako zuzendariak, eta Jose Antonio Araneta, Lagun Artea Eskuderiako lehendakariak Gara egunkariari adierazi ziotenez, ez zuten ulertzen horrelako istripu larria nola gerta zitekeen. "Bihurgune arteko zati zuzen batean gertatu da. Bidetik irten eta zuhaitz baten kontra jo du. Arazo mekanikoren bat izan daiteke edo baliteke gidariari zerbait pasatzea".

**Iñigo Uria eibartarra 2001ean**

2001eko martxoaren 17an II. Ikasberri Rallysprint proban Iñigo Uria eibartarra hil zen. Orduan, jaitsieran izan zen istripua, eta atzo bezala, gidaria momentuan hil zen.

Informazio gehiago Urola Kostako Hitzan