Azpeitiko Osakidetza eta euskara

Jose Andres Blasco (Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendaria) 2006ko urr. 7a, 14:10

Jose Andres Blasco Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak, EHEko kide Ioritz Aizpururen iritziari erantzun egin dio Gara egunkarian

Atzoko Gara egunkarian argitaratu zen Azpeitiko EHE taldeko kide Ioritz Aizpuruk igorritako gutunak esandakoari zerbait argitu nahi genioke.

Aipatu gutunean, bidean dagoen Osakidetzaren EPEn Azpeitiko zentroko "bost lanpostuetatik batean bakarrik jakin beharko da euskaraz" azaldu du. Argitaratu den informazioaren arabera, baieztapen hori erabat ezeztatu baino ezin da egin; herriko zentroan bost lanpostu sartu dira aurtengo deialdian, egia da (hiru mediku, odontologo bat eta administrari-laguntzaile bat). Bost haietatik, ordea, lauk badute hizkuntz eskakizuneko derrigortasun data gainditua, hots, euskaraz jakitea (bigarren hizkuntza eskakizuna egiaztatua, hain zuzen ere) ezinbesteko baldintza da lanpostu horretan jardun ahal izateko.

Osakidetzak burutzen diharduen ahalegina nahikoa ez baderitzo ere, benetako datuak aitortu beharko ditugu.