Euskara alderdikeria politikoetatik kanpo

Ana Mendizabal (Udaleko Euskara Batzordeburua) 2006ko urr. 6a, 17:10

EHEko kide Ioritz Aizpururen iritziari erantzun dio Mendizabalek

Azpeitiko EAJ alderdiak ez dio beldurrik debateari, ezta, hizkuntza politikari dagokionez, egiten ari garenaren eta daramagun bidearen azterketa egiteari ere. Azpeitiko Udalak baliabide, lan-ildo eta egitasmo asko dauzka abian jarrita Azpeitian euskarak herriko gizarte-bizitzan dagokion funtzionaltasuna lor dezan, eta hori begibistakoa eta ukaezina da. Egitasmo horietako batzuk, gainera, aitzindariak dira Euskal Herrian eta euskarari bide berriak irekitzen dizkiote.

Azpeitiko EAJ-k berebiziko arretarekin jokatzen du Azpeitian jorratu beharreko hizkuntza politika diseinatzerakoan eta hipotesi moduan beti daukagu kontuan egiten ari garen guztia ez dela agian on, edo ez dela agian egokien, edo ez dela agian zuhurren, edo agian ez garela egin behar litzatekeen guztia egiten ari. Azpeitiko EAJ autokritikoa da bere buruarekin eta autokritika praktikatzen du, egoera zehatzak aztertu eta egiten duena hobeto egiten jarraitzeko.

Azpeitiko Udalak behin baino gehiagotan adierazi dio Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz taldeari elkarlanerako prest dagoela baina orain arte EHE taldeak uko egin dio elkarlanari, muzin egin dio proposamenak mahai gainean jartzeari. Alegia, Azpeitiko EHE taldeak ez du jarrera eraikitzailerik erakutsi Azpeitiko Udalarekin.

Are gehiago, Azpeitiko EHE taldeak Udalak eskaini dizkion elkarlanerako bideei jarrera suntsitzailearekin erantzun die, eraso politikora iritsi arte. Euskararen normalizazio ezak gizartean sortzen dituen zauriak ozpinez erretzen saiatzen da Azpeitiko EHE. Jarrera baretzaile eta bateratzailea aurkeztu beharrean, euskaren auziaren inguruan erresumina eragiten saiatzen da Azpeitiko EHE taldea. Are okerrago, Azpeitiko Udalak euskararen inguruan egiten duen ororen inguruan halako susmo-egoera ezartzen eta sortzen saiatzen da; Azpeitiko Udalak euskararen inguruan egiten duen guztia salagarria eta gaitzesgarria da Azpeitiko EHErentzat. Azken batean, Azpeitiko EHE-k ez dio Azpeitiko Udalari sekula aitortuko euskara kontuan ezer tajuzkorik egiten duenik.

Azpeitiko EHEk darabiltzan jokabideak suntsitzaileak eta erasokorrak dira. Enfrentamenduaren bila besterik ez dabiltza, ez dute ezer gehiagotarako balio. Jarrera eta jokabide horiek erabat antzuak dira euskararen etorkizuna elkarrekin eraikitzeko.

Azpeitiko EAJren jarrera eta jokabidea ez da sekula horrelakoa izango.