Xabin Aranagak seigarren egin du 100 kilometroko lasterketan

Lasterketa gaur (zapatua) izan da, Santa Cruz de Bezanan (Kantabria, Espainia)

07:39 denboran egin du, "asko sufrituta"

Xabin Aranaga azpeitiar lasterkariak seigarren bukatu du 100 kilometroko lasterketa, 07:39 denbora eginez. Proba gaur (zapatua) izan da Santa Cruz de Bezanan (Kantabria, Espainia). Sailkapen orokorrean seigarren egin du, baina Espainiako Txapelketa ere jokatu da eta hor hirugarren gelditu da.

Korrikalaria gustura dago egindakoarekin, baina proba gogorra egin zaio. "Asko sufritu dut, batik bat 70 kilometrotik aurrera, hanka-pelotak igotzen hasi zaizkit eta gaizki pasatu dut". Eguraldia ez dute ona izan. "Hasierako bi ordutan euria eta haizea izan ditugu, gero euria gelditu da baina haizea ez". Ibilbidea ere berak uste baino "gogorragoa" izan da. Lasterketan dena eman du, halaxe esan du berak: "Dena, dena eman dut eta dena ematen denean ez da aitzakiarik izaten".

Ehun kilometroak 07:30eko denboran egiteko asmoa zuen Aranagak. Gertu ibili da, 07:39an bukatu duelako. "Denbora baino lehenagoko kontua bukatzea zen, eta bukatu dugu; gainera, uste baino postu hobean".

Probako irabazlea, Jorge Abueso izan da, 06:43ko denborarekin. "Abueso Espainiako onenetakoa da. 100 kilometroko proban Espainiako marka berak du, 06:26an", azaldu du Aranagak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide