Lekuko baten faltan, epaiketa atzeratu egin dute

Gaur, astelehena, 19:30ean herriko plazan elkarretaratzea egin dute.

"Ustez 2005eko inauterietan kalean margoketak" egitea leporatuta bi herritarrek epaiketa izan dute Espainiako Auzitegi Nazionalean

Akusazioaren lekukoetako bat ez da epaiketara agertu

"Ustez 2005eko inauterietan kalean margoketak" egitea leporatuta Azpeitiko bi herritarrek epaiketa izan dute gaur goizean, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Bi herritarrek epailearen aurrean deklaratu dute, baita haiekin joandako bi lekukok ere. Baina akusazioaren lau lekukoetatik hiruk bakarrik deklaratu dute, laugarrena ez delako epaitegira azaldu.

Laugarren lekukoa falta zelako epaileak datorren astelehenera, urriaren 2ra, atzeratu du epaiketa. Bi herritarrek "margoketetan ez zutela parte hartu" deklaratu dute epailearen aurrean: "Une horietan tabernan lanean ari ginelako".

Bi akusatuek deklaratu duten arren, datorren astelehenean ere Madrilera joan beharko dute. Joan den astean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi zuenez, "ertzainek osatutako txosten batean oinarritu da bi gazte horien prozedura. Fiskalak, txostenak aintzat hartu eta bukaeraraino eramatea erabaki du". Horregatik, gaur (hilak 25) 19:30ean herriko enparantzan elkarretaratzea egiteko deia luzatu du Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide