Arau Ordezkatzaileei hasierako onespena eman dio Udalak

Asteazkenean, irailaren 21ean, indarrean jarriko duten Lurzoruaren Lege berriaren araberako prozesua jarraituko dute

Arau Ordezkatzaileak hilabetez jendaurrean egongo dira erakusgai (Urola Kostako Hitza)

Ostegunean (hilak 13), ezohiko udalbatzarrean, Arau Ordezkatzaileei hasierako onespena eman zioten udal ordezkariek. Orain, hilabetez jendaurrean egongo dira erakusgai, eta alegazioak aurkezteko epea zabalduko da. "Bien bitartean, administrazioak Gipuzkoako Foru Aldundiak Arau Ordezkatzaileen inguruan txostena egiteko bi hilabeteko epea izango du", azaldu zuen ostiralean udaletxeko idazkariak. Behin jendaurrean egoteko epea bukatu ondoren, alegazioak jaso, erantzun eta Udalak behin-behinekoz onartu beharko ditu.

EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin eman zaie hasierako onespena Arau Ordezkatzaileei. EAk eta Habeak, berriz, ezezkoa bozkatu zuten udalbatzarrean.

Arau Ordezkatzaileen irizpideak uztailaren 28ko udalbatzarrean berretsi zituzten EAJk eta PSE-EEk. Orduan PPko Julia Tercero zinegotzia abstenitu egin zen; oraingo honetan, ordea, baiezkoa eman dio hasierako onarpenari. Uztailean, EAk eta Habeak, orain bezalaxe, ez zituzten onartu.

Arau Ordezkatzaileen irizpideak onartzeko orduan eztabaidarik handiena etxebizitza kopuruak eta herriaren antolaketak sortu zuten. Ostegunean onartutako Arau Ordezkatzaileen arabera, datozen zortzi urteotan 1.250 etxebizitza berri egingo dituzte Azpeitian.

Lurzoruaren Lege berria

Udalak Arau Ordezkatzaileak behin-behinekoz onartzen dituenean, erabaki egin beharko du Lurzoruaren Lege berria jarraitu edota lehengo legearen arabera onartu. Dagoeneko, Udalak Lurzoruaren Lege berriaren arabera onartuko dituela erabaki du eta, beraz, Arau Ordezkatzaileak onartzeko prozesua azkartu egingo da. Lege berria hil honen 21ean jarriko dute indarrean.

Udalak behin behinekoz onartu ondoren, Arau Ordezkatzaileak Euskal Herriko Lurralde-antolamendurako Batzordera pasatu beharko ditu. Kontsulta organo horrek hiru hilabeteko epea izango du txostena egin eta Arauen inguruan bere iritzia emateko. Behin Udalak txosten hori jasotzen duenean Arau Ordezkatzaileak behin betiko onartzeko aukera izango du.

Julian Eizmendi alkateak (EAJ) Arau Ordezkatzaileak legegintzaldi honetan onartuta izatea nahi duela adierazi du; beraz, maiatza baino lehen onartu beharko dira.

Larrineko industriaguneaz

Udalak Larrinenen industriagune berria egitea erabaki zuen, eta ostegunean hasiera eman zitzaien Arau Ordezkatzaileetan halaxe zehazten da. Industriagunea egiteko prozesua azkartzeko, Arau Ordezkatzaileetatik atera eta hasierako onespena eman zion Udalak. Baina Foru Aldundiak Larrinen industriagunea egiteko prozesua eten egin zuen, "errebisio espedientea oraindik onartu gabe zegoelako".

Behin Larrineko errebisio txostena onartuta, Udalak Foru Aldundiari etenaldia altxatzeko eskatu dio, prozesuak aurrera egin dezan. Ostegunean udalbatzarrean eztabaidatu zuten gaia, eta EAJ, EA, PSE-EE eta PPk onartu egin zuten, baina Habeak kontra bozkatu zuen.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide