Uztarriak Udalari deia, euskara arloan elkarrekin jarduteko

Uztarria Kultur Koordinakundea 2006ko uzt. 7a, 18:07

Aurten ere Azpeitian Bai Euskarari Ziurtagiriak banatzeko elkartu gara, hainbat gizarte eragilek euskararekiko konpromisoa hartu edo berretsi dutelako.

Azpeitian euskalgintza, Kontseiluarekin batera, orain urte batzuk hasi zen Bai Euskarari Ziurtagiria sustatzen eta garatzen. Eta herriko dendek, enpresek, elkarteek... erantzun egin dute. Norberak bere esparruan euskararen normalizaziorako pausoak eman ditu.

Azkeneko urteetan euskara planei eta norberak bere kasa hartu izan dituen konpromisoei esker, Azpeitian aurrera egin dugu. Euskaraz bizi nahi dugu gure herrian eta, horra bidean, denok ari gara geure alea jartzen.

Baina ez gara ari elkarrekin ematen pausoak. Izan ere, euskalgintza eta Udala, bakoitza bere kasa dabiltza.

2001ean guk egin genuen saio bat Udalarekin batera jarduteko normalizazio planean. Baina Udalak bere planari heldu zion: EBPNri. Uztarriak Bai Euskarari Ziurtagiriari ekin zion orduan. 2004an bi planek bat egitea lortu genuen, Uztarriak eta Udalak Euskara hitzarmena sinatu genuen, baina 2005 hasieran hautsi egin zen akordioa. Harrezkero bakoitza bere aldetik dabil berriro: Udala EBPNrekin eta Uztarria Bai Euskarari Ziurtagiriarekin.

Ez gara hemen berriro azaltzen hasiko zergatik hautsi zen hitzarmen hura.

Uztarriak nahi duena, normalizazio prozesua elkarrekin egitea da. Hau da, Udalak, euskalgintzak eta gizarte eragileek elkarrekin.

Udalari proposatu izan diogu zein litzatekeen akordioa. Udala egiten ari dena errespetatzen dugu, eta Udalak Uztarriak egiten duena ere errespeta dezala nahi dugu. Hala, bat egitea eta normalizazio planean orpoz orpo aritzea.

Ez dugu besterik eskatzen.

Elkar hartu beharra dugu, pauso eraginkorragoak emateko.